Politika -
Osoko bilkura
Parlamentuak Barcinaren dimisioa eta bozak aurreratzea eskatu du
PSNk, Bilduk, Aralarrek, I-Ek eta Geroa Baik babestu egin dituzte ikerketa batzordearen ondorioak, eta ustelkeriarekin lotu dituzte Barcina eta Goicoechea.
Erredakzioa
Nafarroako Parlamentuak Yolanda Barcina presidentearen dimisioa eta hauteskundeak aurreratzea eskatu du, Ogasun alorrean ustez izan ziren mesedeak eta esku-hartzeak argitzeko eratutako ikerketa batzordearen ondorioekin bat eginez.
PSN, Bildu, Aralar, I-E eta Geroa Bai agertu dira ebazpen horren alde; eta UPN eta PP, kontra. UPNk atzo eskaria egin zion oposizioari, ikerketa batzordearen ondorioak berrikus zitzan, legez kanpoko ezer ez zutela egin egiaztatzeko.
Era berean, Parlamentuak gaitzetsi egin ditu Yolanda Barcina presidentea eta Lourdes Goicoechea Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, ikertutako ekintzetan "ardura politikoak" dituztela iritzita. Gainera, gertakari horien berri eman diote Fiskaltzari, iker ditzan.
Parlamentuak onartutako testuaren arabera, Barcinaren eta Goicoechearen jarduerek bat egiten dute "ustelkeria" terminoaren inguruan Espainiako Errege Akademiak ematen duen definizioarekin, Administrazioko "funtzioak eta baliabideak erabili" dituztelako "onura politikoak edo alderdikoiak" lortzeko.
Gainera, Nafarroako Parlamentuaren ustez, "egiaztatuta geratu dira ia akusazio guztiak".
Adierazpenak
Horren harira, Pedro Rascon PSNren parlamentariak uste du Idoia Nievesen salaketa guztiak "erabat egiaztatuta" geratu direla, auzitegietan egindako kontziliazio saio batean azalpen "zehatz" eta "koherenteak" eman ondoren.
Maiorga Ramirezek (Bildu) "legea urratzeko erabakia" hartu izana leporatu dio Barcinari, eta hori Gobernuari eta Administrazioari buruz duen ikuspegiagatik izan dela uste du. Iraganean izandako harremanengatik edo ideologiagatik zergadun batzuk eta besteak modu desberdinean tratatzea ere egotzi dio.
Patxi Zabaleta Aralarreko kideak azaldu duenez, ikerketa batzordearen ondorioez harago, "Gobernu honen nortasunean dago" Nafarroako gizartearen "ezinbesteko" zati bat "baztertzea", eta horrek "gizarteari, Administrazioaren funtzionamenduari eta behartsuenei egiten die kalte".
Txema Mauleon I-Eko kideak "Nafarroaren zati bat baztertzea" kritikatu du, eta "Nafarroan dagoen krisi politiko eta instituzional larria konpontzeko modu bakarra hauteskundeak deitzea" dela azpimarratu du.
Manu Aierdi Geroa Bairen parlamentariak esan du ikerketa batzordearen aurretik ere "nahikoa" arrazoi bazegoela zentsura mozioa aurkezteko, eta egoera "muturrekoa" bada ere, PSNk "aurreikuspenak" ez dituela bete salatu du.
Ebazpenaren kontra agertu direnen artean, Yolanda Barcina presidenteak argi adierazi du ez duela dimitituko, eta Parlamentuak onartutako ebazpenean "egiazkoak ez diren ondorioak" agertzen direla kritikatu du. Txostena onartu ostean, Barcinak kazetariei egindako adierazpenetan, erabakia "bidegabeko ondorioak dituela jakinda" hartu dutela azaldu du.
Enrique Martin PPko kideak ere ebazpenaren kontrako botoa eman du, eta ikerketa batzordearen ondorioak Nafarroaren "izen onarentzat iruzurra" direla eta "anbizio alderdikoiaren indarrez" ateratakoak direla uste du.