Politika -
Bake prozesua
Presoenganako 'jarrera aldatzeko' eskatu dio Aralarrek EAJri
Aralarren hitzetan, "giza eskubideen defentsa ez da sekula arma politiko gisa erabili behar". Espetxe-politika aldatzeko konpromisoa eskatu die Aralarrek jeltzaleei.
Erredakzioa
Presoenganako "jarrera aldatzeko" eskatu dio Aralarrek EAJri, "giza eskubideen defentsa ez delako sekula arma politiko gisa erabili behar".
Horren harian, espetxe-politika aldatzeko, alderdi jeltzalearen konpromisoa eskatu du Aralarrek. Koalizio abertzalearen esanetan, "sufrimenduaren kaiola zabaltzeko giltza jeltzaleen borondate politikoan egon daiteke".
Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak eta Rebeka Ubera koalizioko antolakuntza idazkariak prentsaurrekoa eman dute Donostian, preso, errefuxiatu eta iheslarien kolektiboak bizi duen egoeraz hausnarketa egitea eskatzeko.
Aralarren ahotan, preso eta errefuxiatuen kolektiboak azken asteetan emandako "aurrerapausoek argi utzi dute beste behin ere pertsona guztien giza eskubideak errespetatzea guztiz beharrezkoa dela normalizazioa eta elkarbizitza demokratikoa lortzeko".
"Egun bat eta beste bat, Espainiako Estatu frankistako botereek presoen eskubideak urratzen dituzte espetxe politika ez-demokratikoa eta salbuespen legeak aplikatuz", baina presoek "gatazkaren konponbidea, normalizazioa eta elkarbizitza demokratikoa lortzeko pausoak ematen jarraitzen dute, nahiz eta sufrimenduaren kaiolan harrapatuta egon", erantsi dute.