Politika -

Erreakzioak

Kultura, kirol eta enpresa munduek Iñaki Azkuna goretsi dute

Athleticek bere doluminak helarazi ditu, eta Iberdrolako presidenteak esan duenez, konpainia elektrikoa "gaur, Iñakiri esker, mila aldiz euskaldunagoa da, duela 110 urte (sortu zenean) baino".

Josu Urrutia Athleticeko presidentea. Argazkia: EFE
Josu Urrutia
Josu Urrutia Athleticeko presidentea. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñaki Azkuna Bilboko alkate ospetsuaren heriotzaren aurrean, kultura, kirol eta enpresa munduek euren doluminak helarazi nahi izan dituzte:

Athletic taldeak doluminak helarazi ditu

Athleticek bere doluminak helarazi nahi izan dizkie Iñaki Azkunaren "albokoei eta ordezkatzen zuen instituzioari", eta familiaren nahigabearekin bat egin du, web orrialdean argitaratutako ohar ofizial baten bitartez.

"Gaurkoa dolu-eguna da gaurkoa Bilborentzat eta Bizkaiarentzat, baina baita ere esker onerako. Goian bego, alkate jauna", irakur daiteke futbol taldearen oharrean.

Athletic Clubeko bandera haga erdian ipini dute Ibaiganen, dolu-seinale moduan.

Galan: "Iberdrola, gaur, mila aldiz euskaldunagoa da Azkunari esker"

Ignacio Galan Iberdrolako presidenteak atsekabea erakutsi du Iñaki Azkuna Bilboko alkatearen heriotzagatik, eta, nabarmendu duenez, konpainia elektrikoa "gaur, Iñakiri esker, mila aldiz euskaldunagoa da, duela 110 urte (sortu zenean) baino".

Galanen hitzetan, "Azkunak paper erabakigarria jokatu du Euskalduna Jauregia egonkortzeko, tranbiaren etorrerarako, eta Alhondiga eta horrenbeste maite duen Athleticen San Mames berria eraikitzeko. Pertsona eta politiko moduan beharrezkoa da bere estilo propioa, tolerantea, irekia eta sen ona nabarmentzea".

Alex de la Iglesia: "Azkuna, agur laguna"

Bestalde, Alex de la Iglesia zinemagileak hitz batzuk eskaini dizkio Bilboko alkateari, Twiterreko bere kontuan: "Azkuna, agur laguna".

Merkataritza Ganberak Azkunaren izaera borrokalaria nabarmendu du

Bilboko Merkataritza Ganberak bere doluminak agertu ditu Iñaki Azkuna Bizkaiko hiriburuko alkatearen heriotzagatik, eta "pertsona karismatikoa eta borrokalaria, garai bat markatu duen herritar eredugarria" izan dela azpimarratu du.

Ohar batean, Azkunak Bilbo "mundura irekitako hiria" bilakatu duela adierazi du Ganberak. Bere alderdiarekin batera, Azkuna alkateak "aldaketa kudeatzen eta aukera guztiak aprobetxatzen jakin izan du, Bilbo eta bere garapena nazioarteko orbitan jartzeko".

Bilboko gotzaina: "Azkunak hileta-elizkizun umila eskatu zidan"

Mario Iceta Bilboko gotzainak azaldu duenez, Iñaki Azkuna Bilboko alkateak "hileta-elizkizun umila" eskatu zidan. Astelehenean izango da, Santiago katedralean.

Gotzainak alkatearekin igarotako azken uneak gogoratu ditu. Haren etxean izan ziren: "Hizketaldi sakona izan genuen. Mediku moduan, bere egoeraz kontziente zen, eta mundu honetan bizitzen ari zen azken pasarteetan zela bazekien".

EiTB: 'Oso hurbil eta eraginkor izan dugu beti Azkuna'

EiTBren izenean, Maite Iturbe zuzendari nagusiak bere dolumina agertu du Iñaki Azkunaren heriotzaren aurrean. "Oso hurbil eta eraginkor izan dugu beti Iñaki Azkuna alkatea EiTBn:  gure hedabideetan parte hartzeko eta laguntzeko beti prest".

"Bilboko egoitza honetara etortzeko bidea zabaldu eta laguntza handia eskaini zigun. Une zailetan ere,  ETAren atentatua jasan genuenean, gure artean izan zen EiTB isildu ez zedin. Karisma handiko alkatea izan da", gaineratu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea