Politika -

Bere esaldi gogoratuenak

Iñaki Azkunaren hitzak, beti polemikaz inguratuta

Bilboko alkateak esaldi mamitsuak utzi ditu. Labanadunei "gerra" egiteko deia edota txinatarren bizimoduaren ingurukoak bi adibide baino ez dira.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Naturala, mihipekorik ez zeukana. Noizbait, bere arerio politikoek “harroputza eta populistatzat” jo dute, baina bilbotarren gehiengo zabala bere egiten jakin zuen politikaria izan zen Iñaki Azkuna.

Bilboko alkateak esaldi borobil asko utzi ditu, tartean, gaizkileei “egurra eman” behar zaiela esan zuenean, “eta labandunei gerra”. 2012. urtean ‘Munduko Alkaterik Onena’ izendatu zuten, eta saria “polizia edota suhiltzailerik” ez zuten Espainiako alkate guztiei eskaini zien. “Ia behiari erditzen ere lagundu behar dioten alkate horiei eskaini nahi diet”, gaineratu zuten.

Amaierara arte, garbi hitz egin zuen Azkunak. Bere azken agerraldian, otsailaren 13an, frankismo garaiko alkateen koadroak Udaletxetik ateratzeko eskatu zion EH Bilduk. Orduan ere, erantzun egin zuen alkateak: ‘Izorratzen bagaitu ere, historia errespetatu behar dugu”.

Gasteiz Euskadiko hiriburua izateagatik egindako isekak edota txinatar dendei lehia egiteko deiagatik ere gogoratuko dugu Azkuna. “Txinatarrek euren bazarrak zabaltzen dituzte, eta bertan jan, lo eta ugaldu egin dute”.

Ezker abertzalearekin izan duen harremana “tentsioz betea” izan da beti eta behin baino gehiagotan ezker abertzaleak ETAren atentatuen aurrean izandako jarrera gogor kritikatu du Azkunak. “Alferrik galdutako zenbat energia, amets gutxi batzuengatik zenbat gazte manipulatu dituzte; zenbat alargun eta zenbat umezurtz...”, esan zuen ETAren biktimei omentzeko ekitaldi batean.

EAJ barruan “mitxelina” eta “hezigaitza” izatea leporatu diote behin baino gehiagotan Azkunari, baina horrek beti esan du “eroso” sentitu dela jeltzaleen artean.

Bere alderdiak defendatutako autodeterminazioaren inguruko galdeketaren aurka agertu zen publikoki eta Lizarrako ituna ere gogor kritikatu zuen bere egunean. “EAJren helburua nazio eraikuntza da, baina nik Europarekin eta Estatu barruan beste nazioekin batera elkar bizi nahi dut”, adierazi zuen behin.

"Kristaua, katolikoa baino gehiago"

Azkunak "katolikoa baino gehiago, kristaua" zela esaten zuen, eta Begoñako Amari otoitz egiten zion. Dena dela, kristau izanda ere, emakumeek "baldintza batzuetan" abortatzea ulertzen zuela aitortu zuen. Azkunak ez zuen arazorik ur sakonetan sartzeko. Adibidez, Barcenasen irregulartasunak ezagutu zirenean, politikoen alde agertu zen, eta ezagutzen zituenen % 98 "zintzoak" direla esan zuen. Sindikatuen arteko zatiketaren aurka ere egin zuen, eta  zatiketa oinarri deitutako grebek ez dituztela gobernuak "erorarazten" gogorarazi zuen. "Jendea bere onetik ateratzeko baino ez dute balio", deitoratu zuen. Politikatik at, besteak beste Santiago Calatrava arkitektoari ere bereak eta bi esan zizkion, "diruzale" esan baitzion, Bilboko Udala auzitara eramateagatik (2007. urtean, udal agintariek pasabide bat gaineratu zioten arkitekto horrek diseinatutako zubi bati).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñaki Azkuna