Politika -
Hauteskundeak Iparraldean
Bidegain: 'Denei interesatzen zaie abertzaleak zerrendetan izatea'
Bihar, udal hauteskundeak dituzte Ipar Euskal Herrian. Abertzaleen erronka nagusia hautetsi kopurua igotzea dela esan du Eneko Bidegainek.
Erredakzioa
Hausnarketa eguna dute gaur Ipar Euskal Herrian. Bihar eta datorren igandean, bi itzulitan, Udal Hauteskundeak izango dituzte Frantziako estatu osoan. Hauteskunde bezperan, Eneko Bidegain Mondragon Unibertsitateko irakasleak eta Allande Boutin kazetariak hainbat gogoeta utzi dituzte Euskadi Irratian.
Hauteskunde hauen garrantzia nabarmendu du Bidegainek, hainbat herri garrantzitsutan aldaketak egon daitezkeelako. "Adibidez, Baionako kasua berezia, dinastia bat bukatzen delako. Ikusteko dago, alderdi sozialistak alkatetza lortuko duen. Azken hauteskundeetan, udalekoak ez diren besteetan, sozialistek irabazi dute Baionan. Bigarren interesgunea, Miarritzen dago, alkatea aldatuko delako. Abertzaleen ikuspegitik beste bi interesgune ere badira: Uztaritze eta Urruña. Aipatzen da, bi horietan, abertzaleek lortuko dutela alkatetzea”, esan du.
Boutinen mankomunitateen edo herri-elkargoen garrantzia nabarmendu du. Hauteskunde hauetan, boto-paper berean udal ordezkariak eta mankomunitateen ordezkariak hautatuko dituzte. Boutinen arabera, "mankomunitate papera oso inportantea da. Frantsez ikuspuntutik, oso inportanteak dira herri-elkargoak. Herri txikiak behartuta daude bat egitera, diru gehiago erdiesteko eta beraien artean hainbat alor elkarrekin kudeatzeko: garraioa, hondakinen bilketa, etxebizitza alorra. … Udalek gero eta zailtasun gehiago dituzte beraien politikak kudeatzeko. Kasik, behartuta daude bat egitera".
Aurtengo hauteskundeetako nobedadeetako bat zerrenda itxiena da; 1.000 biztanletik gorako herrietan zerrenda itxiak bozkatzeko aukera izango dute. Orain arte, 3.500 biztanletik gorako herriek zuten aukera hori. "Aurten zerrendetan seinalatuak dira zeintzuk izango diren ordezkariak eta hautesleek hautatu ahal izango dituzte mankomunitateen ordezkariak. Ariketa demokratiko interesgarria izango da. Emeki-emeki mankomunitateen garrantziaz jabetuko dira hautesleak. 1.000 biztanletik gorako herrietan, zerrendak bozkatu ahal izango dira, lehen zerrenda irekiak bozkatzen ziren, pertsonei ematen zitzaien botoa, ez zerrendari, eta sekulako kalapitak sortzen ziren. Orain, beraz, zerrenda osoak bozkatuko dira ", gaineratu du kazetariak.
Hautagai abertzaleei buruz galdetuta, Bidegainek nabarmendu du alderdi guztiei interesatzen zaiela zerrendetan abertzaleak izatea. "Abertzaleen zerrenda ofizialak izaten dira, alde batetik. Baina, beste zerrendetan ere, alderdi ez abertzaleen zerrendetan ere norbanako abertzaleak ere sartzen dira. Hori da Iparraldeko hauteskundeen berezitasuna. Denei interesatzen zaie abertzaleak izatea zerrendetan. Abertzaleen erronka nagusia hautetsi kopurua igotzea eta, eta zenbait kasutan, Baionan kasu, abertzaleen esku izango da hurrengo alkatea erabakitzea", gaineratu du Bidegainek.
Bi hizlarion iritzian, Iparraldean akordioak hauteskunde eguna baino lehen erdietsi behar dira, bigarren itzulirako adostasunak mahai gainean izatea inportantea baita.
Bihar goizeko 09:00etan zabalduko dira botokutxak Ipar Euskal Herrian, 159 herritan. Hauteskundeen lehen itzulia izango da. 18:00etan itxiko dituzte eskolak, eta 21:00ak alderako lehen emaitzak izatea espero da, bai behintzat, herri txikietan. Eguerdiko 12:00etan emango dituzte parte hartzeari dagozkion lehen datuak.