Politika -
Omenaldia
PSE: 'Orion ordezkaritza izatea Priederen omenaldirik onena litzateke'
Arriolak, gainera, zinegotzi sozialistak izandako bizitza "eredu" izatea defendatu eta "gertatutakoa" gogoan izatea eskatu du "inoiz ez errepikatzeko".
Erredakzioa
Iñaki Arriola Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusiaren esanetan, Juan Priede orain dela 12 urte ETAk hildako zinegotziari egin lekiokeen "omenaldirik onena", datorren urtean Orioko Udalean sozialistek ordezkaritza berreskuratzea litzateke.
Horren ildotik nabarmendu duenez, "Orio herri anitza da, Euskadi den bezala, eta sozialistak bertan egotea ezinbestekoa da aniztasuna gertatzeko eta denak benetan bakean elkarbizi eta etorkizuna irabazteko".
Orioko kanposantuan egindako lore-eskaintzan esan ditu adierazpenok Arriolak, Priede hil zutenetik 12 urte bete diren honetan. Gainera, bertan Ana, Javi eta Juan Carlos zinegotziaren seme-alabak, Jesus Eguiguren, Manuel Huertas, Odon Elorza eta Rafaela Romero izan dira, besteak beste, zenbait batzarkide eta zinegotzi gipuzkoarrekin batera.
Gipuzkoako PSE-EEko kidearen arabera, Priede "gizon adeitsu, apal, langile eta umila" zen, eta "zerbitzu publikoan eta ideiak defendatzen" eman zuen bizitza. "Sozialismoaren ezaugarriekin konpromisoa hartutako gizona zen", gaineratu du.