Politika -
Udal-hauteskundeak
Gaur amaituko da bigarren itzulirako itunak egiteko epea Iparraldean
Baionan, esaterako, elkarrekin aritzeko akordioa itxi dute bart Jean-Claude Iriart abertzaleak eta Serge Nogues ezkertiarrak.
Erredakzioa
Ipar Euskal Herriko udal hauteskundeen harira, negoziazio-epe betean daude alderdi politikoak asteburu honetako bigarren itzuliari begira. Izan ere, inork gehiengo osorik lortu ez duen herri eta hirietan bigarren itzulia izango da asteburuan, eta horri begira itunak egiteko epea gaur arratsaldeko seietan amaituko da.
Baionan, esaterako, elkarrekin aritzeko akordioa itxi dute bart Jean-Claude Iriart abertzaleak eta Serge Nogues ezkertiarrak. Baiona 2014 hautagaitza abertzalea eta Ezkerreko Frontea, beraz, elkarrekin aurkeztuko dira. Sylvie Durruty eskuindarra, bestalde, prest dago Jean Rene Etxegarai zentristarekin bat egiteko bigarren itzuliari begira.
Baionan ez ezik, beste hainbat herri eta hiritan ere ezkerraren eta eskuinaren arteko lehian eragin dezakete abertzaleek: Hendaian, Ziburun, Donapaleun, Maulen, Arrangoitzen, Azkainen, Senperen eta Zuraiden, besteak beste.
Hendaian eskuin-zentroa zatituta dago, eta, ondorioz, sozialistek berreskuratu dezakete duela sei urte galdutako herriko etxea. Ikusteko dago Richard Beitiak eta Iker Elizaldek zuzendutako abertzaleek zer egiten duten.
Angelun, berriz, sozialistek ez dute negoziatzeko tarte handirik, eta abstenitu direnak mobilizatzen jarri beharko dituzte indarrak.
Biarritzen bost hautagaitza pasatu dira bigarren itzulira, eta negoziatzeko tarterik badago.
Horietan, eta beste hainbat herri eta hiritan, negoziatzen segitzen dute. Izan ere, gaur arratsaldeko seiak arteko epea dute, ordurako aurkeztu behar baitituzte behin betiko zerrendak.
Frantziako Estatua
Frantziako Estatuan, berriz, Alderdi Sozialista hasi da bigarren itzuliari begira estrategia prestatzen. Emaitza txarrei aurre egin eta Fronte Nazionalaren gorakada eteteko asmoz, zera ari da aztertzen: hirugarren geratu den hiri eta herrietan zerrendarik ez aurkeztea, hartara eskuina eta eskuin muturra izan daitezen aurrez aurre, borroka horretan azken horiek galduko dutelakoan.