Politika -

Autogobernuaren lantaldea

Abian da autogobernuari buruzko eztabaida Eusko Legebiltzarrean

EAJk eta EH Bilduk erabakitzeko eskubidea aldarrikatu dute. PSE-EE autogobernuan sakontzeko prest agertu da, eta PPk euskal herritarrak batzen dituen horretan sakontzeko deia egin du.

EH Bilduko, EAJko eta PSE-EEko kideak, lantaldean. Argazkia: Efe
EH Bilduko, EAJko eta PSE-EEko kideak, lantaldean.
Estatus politikoaren lantaldea, abian

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak ofizialki jarri du abian autogobernuaren lantaldea, eta lantaldeko iturriek azaldu dutenez, hurrengo bilera apirilaren 9an izango dute, lan egutegia zehazteko.

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura hasi aurretik, alderdietako ordezkariak bildu egin dira lantaldeari hasiera ofiziala emateko. Lantaldearen bilerak irekiak izango dira, ez ateak itxita.

Hauek dira bertan arituko direnak: EAJko Joseba Egibar, Iñigo Iturrate eta Jone Berriozabal; EH Bilduko Hasier Arraiz, Pello Urizar eta Laura Mintegi; PSE-EEko Jose Antonio Pastor, Txarli Prieto eta Rodolfo Ares; PPko Borja Semper, Carmelo Barrio eta Anton Damborenea; eta UPyDko Gorka Maneiro.

Ofizialki abian jarri ostean, lantaldeko kideek bilera laburra egin dute, eta bertan erabaki dute hurrengo bilera apirilaren 9an egitea eta lan egutegia orduan zehaztea.

Adierazpenak

Ondoren, alderdiek adierazpenak egin dituzte lantaldean bultzatuko dituzten ekimenen inguruko azalpenak emateko.

Hala, Joseba Egibar EAJren Legebiltzarreko bozeramaileak esan du legedia herritarrek "askatasunez eta demokratikoki adierazten duten borondatera" egokitu behar dela, ez alderantziz.

Buruzagi jeltzalearen arabera, beharrezkoa da hori, eta hala gertatu da "Kanadan, Quebecen eta Eskozian, printzipio demokratiko hori bere egin baitute".

Bestalde, Hasier Arraiz EH Bilduren bozeramaileak ohartarazi du koalizio abertzaleak ez dituela "Espainiako legediak inposatu nahi dituen mugak onartuko", erabakitzeko eskubideari dagokionez, eta gainerako alderdiei Kataluniako erakundeen "lezioa" aintzat hartzeko eta "oztopoak oztopo" aurrera egiteko deia egin die.

Arraizek azaldu duenez, EH Bilduk lantaldea aprobetxatuko du "muga bakarra" euskal herritarrek "demokratikoki adierazten dutena" izango dela aldarrikatzeko.

Horren esanetan, Autonomia Estatutua "agortuta" eta "bete gabe" dago, eta ez dago Madrilgo Gobernuaren aldetik garatzeko edo berrikusteko "borondaterik". Hori dela eta, "herri honek bide berriak" behar dituela azpimarratu du.

Jose Antonio Pastor PSE-EEren Legebiltzarreko bozeramaileak iragarri du bere alderdia autogobernuan "sakontzeko" prest dagoela, "indarrean dagoen legediaren barruan" betiere. Gainera, "ardura" eskatu die alderdiei, "ahal den akordio zabalena" lortzeko.

Pastorren ustez, EAEren autogobernu sistema aldatzekotan, Autonomia Estatutuak izan zuen babesarekin egin beharko litzateke.

PPren aldetik, Borja Semper legebiltzarkideak euskal herritarrak "bereizten" dituen horretan "ez sakontzeko" deia egin du, eta Autonomia Estatutua hobetzea proposatu du.

Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak EAJk eta EH Bilduk "independentziarantz aurrera egin" nahi dutela gaitzetsi du, eta sozialistak eta popularrek horren aurrean zer egingo duten ezagutzen ez dela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea