Politika -

Udaletxean

Ibon Areso Bilboko alkate izendatuko dute gaur

EAJko zinegotziak dagoeneko iragarri du aldaketak egingo dituela udal gobernuan, eta Ibone Bengoetxeak pisu politiko handiagoa izango duela.

Ibon Areso EAJren zinegotzia. Argazkia: Efe
Ibon Areso EAJren zinegotzia.
Ibon Areso EAJren zinegotzia. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ibon Areso EAJko zinegotzia Bilboko alkate izendatuko dute gaur eguerdian, eta aurreko martxoaren 20an hil zen Iñaki Azkunaren tokia hartuko du.

EAJk ziurtatuta du Aresoren izendapena gaurko osoko bilkuran, 29 zinegotzietako 15 jeltzaleak baitira.

Areso alkate berri izendatu aurretik, Eider Jauregik EAJko zinegotzi kargua hartuko du, Azkunak libre utzitako zinegotzi postua betetzeko, hain zuzen ere.

Aresok 70 urte ditu eta Bilboko Udaleko zinegotzi zaharrena da. 23 urtez izan da zinegotzi, ia denbora guztian Hirigintza alorrean, eta Bilbok 1979tik izango duen zazpigarren alkatea izango da. Denak izan dira jeltzaleak.

Alkate izango denak dagoeneko iragarri du aldaketak egingo dituela udal gobernuan, eta Ibone Bengoetxeak pisu politiko handiagoa izango duela.

Areso lehen alkateorde, Udaleko EAJko bozeramaile eta Kontratazio Mahaiko presidente izan da gaur arte, eta orain Bengoetxearen esku geratuko dira ardura horiek.

Bestalde, Hirigintza eta Etxebizitza Saila Eduardo Maiz zinegotziak hartuko du orain, eta horren esku zegoen Gizarte Ekintza Saila Juan Felix Madariagak zuzenduko du.

Aresoren izendapenaz eta zinegotzi berriaren kargu hartzeaz gain, Bilboko Udaleko osoko bilkurak udal batzordeak, orain arte ateak itxita egiten zituztenak, irekiak izatea erabakiko du, herritarrek parte hartzeko aukera izan dezaten eta hedabideek horiek jarraitu ahal izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea