Politika -
2015 udal-hauteskundeak
EAJk 'gobernu ona' eskaini du, 'Bilduren bapatekotasuna'ren aurrean
Jeltzaleen arabera, Bilduren helburu bakarra "bere irizpide ideologikoak aplikatzea da, euren aldekoen mesedetan bakarrik, aniztasuna baztertuz, eta besteon ideiak eta egitasmoak ukatuz", esan du.
Erredakzioa
Gipuzkoako EAJk "gobernu onaren" dekalogo bat garatu du, Bilduk lurralde gipuzkoarrean egiten duen kudeaketaren "bapatekotasuna, inposizioa eta iluntasunaren" aurrean.
Alderdi jeltzaleak ekitaldi bat egin du gaur, larunbata, Donostiako Miramon parke teknologikoan. Bertan, 2015ko udal eta foru hauteskundeei begira Gipuzkoako EAJk abiarazitako 'Prest' kanpaina aurkezteko zenbait afiliatu eta kargudun batu dira. 'Kudeaketa ona' batzordearen harira, bost estrategia jaso dituzte, 30 ekintza baino gehiagorekin, eta hiritarren eta lurralde historikoko zenbait eragileren proposamenetara zabalduko dute.
Imanol Lasa Gipuzkoako EAJren bozeramaleak hitz hartu du ekitaldian. Lasarekin batera Andoni Ortuzar, Joseba Egibar, Markel Olano eta Eneko Goia ere izan dira 'kudeaketa ona' egiteko beharrezkoak diren hamar konpromiso horiek aurkezteko. Gardentasunez aritzea, ekintzaileak sustatzea, jardun etikoaren alde egin, gobernuak eta zerbitzuak hiritarrentzat zabaltzea, lidergo partekatua bultzatzea eta hiritarrekin eta eragile sozialekin aurrerapausoak ematea dira konpromisoetako batzuk.
Lasaren iritzian, Bilduren helburu bakarra, ordea, "irizpide ideologikoak aplikatzea eta euren aldekoen mesedetan gobernatzea da, aniztasuna baztertuz, eta besteon ideiak eta proiektuak ukatuz", nabarmendu du.