Politika -

Profila

Manuel Valls, ministro kontserbadore eta baloratuena

Etorkin kataluniarra bada ere (20 urte zituenean egin zen frantziar), etorkinen aurkako politika zorrotzak abiatu ditu Barne ministro izanda.

Manuel Valls Frantziako lehen ministroa. EFE
Manuel Valls Frantziako lehen ministroa. EFE
Valls, ezkerreko Sarkozy-a

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Manuel Valls (Bartzelona, 1962) Frantziako lehen ministro izendatu du François Hollande presidenteak, azken bi urteetan, Barne ministro karguan, Gobernuko kide baloratuena izan baita.

Valls Alderdi Sozialistako kontserbadoreenetakoa da, eta ideologikoki urrun dago Hollanderengandik. 2012. urteko hauteskunde kanpainan, baina, bat egin behar izan zuten, agintariak alderdiko familia guztiak batu nahi zituelako.

Avryko (Parisko kanpoaldea) alkate zela, herriko segurtasun arazo larriei aurre egin zien; hori dela eta, Hollandek Barne ministro izendatu zuen duela bi urte agintera iritsi zenean.

Valls ministro zorrotza izan da, Gobernu sozialista bateko ministro eskuindarrena. Horren adibide, leku publikoetan belo islamiarra janztea debekatzearen eta etorkinak herrialdetik kanporatzearen alde agertu dela.

Bera etorkina bada ere (20 urte zituenean egin zen frantziar), etorkinen aurka lerratu da. "Ez dute lan egin nahi, horregatik kanporatu behar ditugu", esan zuen behin telebistan, ijito errumaniarrak Frantziatik kanporatzearen alde.

Neurri polemikoenetako bat Kosovoko 15 urteko neskato bat kanporatzea izan zen, eta erabakiak Gobernuaren barruan ere harrotu zituen hautsak.

Barne ministro karguak protagonismo handia eman dio Frantziako egunerokoan, eta, ondorioz, Gobernuko aurpegi ezagunetakoa izan da, Hollanderi berari itzal eginda.

Valls 1962. urteko abuztuaren 13an jaio zen, Bartzelonan. Aita Xabier Valls margolari kataluniarra zen, eta ama Luisangela Galfetti italiarra. Nerabe zela joan zen Frantziara, eta, 17 urte zituenean, Alderdi Sozialistan sartu zen. Une horretan, Michel Rocard zentristaren alde egin zuen.

1997. urtean diputatu izaten saiatu zen, baina ez zuen lortu. 2001ean Avryko alkate izendatu zuten, eta, orduan bai, Asanblea Nazionalean sartu zen.

Kataluniarra bada ere, Frantziako lehen ministro berriak ez du iritzirik eman nahi izan Generalitateak deitutako kontsulta independentistari buruz. Dena dela, aniztasuna "arazoa" baino gehiago, "Espainiaren indarra" izan beharko litzatekeela esan du.

ETAren aurkako borrokan, aurreko Barne ministroek hasitako bideari jarraitu dio, eta Espainiako Segurtasun Indarrekin lankidetza estua izan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea