Politika -
Epaia
ANk bi urteko espetxealdia ezarri dio Pablo Hasel artistari
Epaileen arabera, Youtubera igotako abestiak ez daude adierazpen askatasunak babestuta, horietan "gorrotoaren diskurtsoa etengabe" agertzen delako.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko hirugarren Aretoak ebatsi duenez, Pablo Rivadulla artistak -Pablo Hasel ezizenez ezagutua- ETA, Grapo, Terra Lliure eta Al Qaedako terrorismoa goratu zuen Youtubera igotako abestietan.
Alfonso Guevara, Guillermo Ruiz Polanco eta Antonio Diaz Delgado epaileen arabera, probarik garrantzitsuena epaiketan egindako testigantza, Haselek onartu egin baitzuen abestiak berak egindakoak zirela, "adierazpen askatasuna, eta artista batek sortzeko duen askatasuna erabili" besterik egin ez zuela adierazi zuen.
Zigorra ezartzeko, Youtubera igotako abestiak ez daudela adierazpen askatasunak babestuta esan dute epaileek, horietan "gorrotoaren diskurtsoa etengabe" agertzen delako.
"Ezin da onartu adierazpen askatasunaren esparruan indarkeria sustatzea eta gorrotoz betetako diskurtsoa egitea, esaterako, ekintza terroristak goratzea edo justifikatzea eta ekintza gehiago egitea eskatzea".
Epaian Youtubera igotako abestien hitzak jaso dituzte, eta zenbait kide terroristari egindako goraipamena ere bai, adibidez, Manuel Perez Martinez 'Camarada Arenas' Grapoko agintariari.
2011ko urriaren 5ean aske utzi zuten Hasel (25 urte garai horretan), bezperan Lleidan atxilotu eta bere etxea miatu eta gero.