Politika -

Urkijori babesa

ETAren hainbat biktimak Txema Urkijoren kargugabetzea kritikatu dute

Balio handiko solaskidea galtzen dutela salatu dute: "biktima guztien zilbor-hestea zen".

Maixabel Lasa da agiria sinatu duenetako bat. Argazkia: EiTB
Maixabel Lasa da agiria sinatu duenetako bat. Argazkia: EiTB
Maixabel Lasa da agiria sinatu duenetako bat. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAren biktima eta senide talde batek Txema Urkijoren kargugabetzea kritikatu du larunbat honetan kaleratutako agiri batean. "Akats larria" eta "erabaki bidegabea" dela diote, eta Urkijok biktimen kolektiboarekin izan duen "enpatia eta konpromisoa" goraipatu dute.

Iñigo Urkulluk Txema Urkijo biktimen alorreko Jaurlaritzako aholkularia zena kargutik kentzeko hartutako erabakia "sorpresaz eta harriduraz" hartu dutela nabarmendu dute. "Beti kontsentsuaren eta ulermenaren alde egin duen gizona izan da", gaineratu dute.

Agiria sinatu dutenen artean daude, besteak beste, Maixabel Lasa (Juan Mari Jauregiren alarguna eta 11 urtean Eusko Jaurlaritzako Biktimen Arretarako bulegoko zuzendaria izan zena), Jose Maria Pedrosaren alarguna, Xanti Oleagaren alarguna, Froilan Elexperen senideak, Jose Luis Lopez de la Calleren alarguna, Jose Maria Lidonen alarguna, eta Gorka Landaburu, Jose Ramon Rekalde eta Patxi Elola (hirurak ere atentatuen biktimak izandakoak), edota Josean Rekondo Hernaniko alkate ohiaren alarguna.

Urkijoren kargugabetzeak biktimak nolabait "umezurtz" uzten dituztela adierazi dute, hain zuzen ere, "ausardiaz, zuhurtziaz eta sentsibilitatez aurre egin beharreko garai batean".

"Inor ez da ezinbestekoa, baina albiste txar hau deitoratzen dugu. Balio handiko solaskidea galduko dugu, biktima guztien zilbor-hestea zena", gaineratu dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea