Politika -
Aberri Eguna
62 udalek euskal herritartasunaren aldeko mozioa onartu dute
Igandean Aberri Eguna ospatuko dutela eta, herritarrei "kale eta eraikinetan euskal sinboloak" ezartzeko deia egin dute.
EAEko eta Nafarroako 60 udal baino gehiagok "euskal herritartasuna bultzatzeko herri ekimena" jarri dute abian, eta herritartasun hori adierazteko dokumentu ofizial bat sortzea eskatu dute.
Udalbiltza dago mozioaren atzean eta, jakinarazi dutenez, 54 Udalek ezohiko sesiotan onartu zuten mozioa eta beste zortzik ohikoetan egin zuten.
Igandean Aberri Eguna ospatuko dutelako jarri dute martxan mozioa eta herritarrei "kale eta eraikinetan euskal sinboloak" ezartzeko deia egin dute. Gainera, "direna eta sentitzen dutena sinboloen bitartez publikoki adierazteko" gonbitea egin dute.
"Gure herritartasuna adierazten duen dokumentu baten beharra dagoela uste dugu eta ekimen bateratu, ofizial eta eraginkorrak sortzea", azaldu dute.
Gainera, igandean Etxarri-Aranazen egin zuten galdeketari babesa eman diote eta "Gure Esku dago" ekimenak ekainaren 8an Iruña eta Durango artean martxan jarri duen giza-katean parte hartzeko gonbitea luzatu du.