Politika -
Farmako industriarekin lotuta
Hollanderen aholkulari batek dimisioa aurkeztu du
Aquilino Morellek dimititu egin du komunikabide digital batek Osasun ikuskari nagusia zen bitartean farmako industriarentzat lan egin zuela argitaratu ondoren
Erredakzioa
Aquilino Morellek, François Hollande Frantziako presidentearen aholkulariak eta presidentearen hitzaldien idazleak, dimisioa aurkeztu du. Erabakia, komunikabide digital batek Osasun ikuskari nagusia zen bitartean farmako industriarentzat lan egin zuela argitaratu ondoren heldu da.
Espainiar jatorrikoa da Morelle, eta Frantziako presidentearen gertukoa da. Prentsa oharra kaleratu du gaur, bere kargu publikoarekin bateraezina den jarduerarik egin ez duela argitu eta baieztatzeko. Dena dela, “nire aurka esandakoak defendatu ahal izateko eta Gobernuari kalterik ez egiteko, nahiago dut dimisioa aurkeztu”, adierazi du oharrean.
Hollandek hizpide izan du Morelleren dimisioa. “Gertatutakoa argitu ahal izateko bide bakarra da”, adierazi du, eta gaineratu du ezin duela epaitu“Eliseora heldu aurretik egindakoa”. “Ezin da zalantzarik egon, inpartzialtasun eta independentzia oinarri bat dago, eta denek errespetatu behar dute”, azpimarratu du Frantziako presidenteak.
Mediapart ikerketa webguneak Morelleren inguruko hainbat informazio argitaratu zituen atzo. Horietan jasotzen zenez, Gizarte Gaien Ikuskaritza Nagusirako txostenak egiten zituen bitartean, farmako industrientzat lanean aritu zen Hollanderen aholkularia.