Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Ares: 'PSCko batzuk, sozialista baino gehiago, nazionalistak ziren'

PSE-EEko ordezkariak azpimarratu du EAEko sozialisten barruan ez dela "eztabaidarik" izango eta ez dela Euskadin PSCrekin gertatutakoa errepikatuko.

'PSCko kide batzuk abertzaleago ziren, sozialista baino'

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko sozialisten baitan "barne eztabaidarik" ez dagoela eta PSCrekin gertatutakoa ez dela Euskadin "errepikatuko" esan du gaur Rodolfo Ares PSE-EEko Antolakuntza idazkariak. Horren hitzetan, "argi geratu da" Kataluniako sozialisten artean "batzuek nazionalistagoak zirela sozialista baino". Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, Aresek esan du autogobernuaren inguruko eztabaida ez dagoela PSE-EEren "lehentasunen" artean. Hala ere, eztabaida horretan "oso eroso" daudela gaineratu du, sozialisten jarrera "oso argia" dela argudiatuz: "Batzen gaituzten egitasmoak eta akordio zabalak bilatu nahi ditugu, eta ez zatitu egiten gaituztenak", beti ere, "Espainia eta Europa barruko elkarbizitza" aurreikusiko luketen akordioak eta "indarrean dauden legeak aintzat hartuko lituzketenak".  "Jomuga independentzia duten egitasmo guztien aurka izango gara", azpimarratu du.Bestalde, Eusko Jaurlaritzari autogobernuaren inguruan proposamen zehatz bat aurkezteko eskatu dio Rodolfo Aresek. Gai horren inguruan, euskal sozialistek euren jarrera "argitasunez" azaldu dutela azpimarratu du PSE-EEko ordezkariak, eta "mota horretako eztabaidak" egin izan dituztela gaineratu du, Ibarretxe Planaren inguruko eztabaidari aipamen eginez.

Bestalde, epaileak Hasier Arraiz Sortuko presidentearen aurkako salaketa artxibatu ondoren, Aresek esan du "EH Bilduren eta Sorturen munduan" bere iraganaren "azterketa kritiko" bat egin beharko luketela orain. Hala ere, Aresek ez du epailearen erabakiaren inguruan iritzirik eman nahi eta "auzitegien erabakiei errespetua" adierazi die.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea