Politika -
M-25
Euskal politikariek herritarrei erantzungo diete webgune batean
Euskal kontsultore batek hilaren 29an Osoigo.com ataria jarriko du martxan, "entzuten duten politikarien ataria" izenburupean. Hogei bat parlamentari eta alderdikide baino gehiagok hartuko dute parte.
Erredakzioa
Euskal kontsultore batek datorren astean Osoigo.com webgunea jarriko du martxan, "entzuten duten politikarien ataria" izenburupean. Hogei bat parlamentari eta alderdikide baino gehiagok parte hartuko dute, herritarrei erantzuteko konpromisoa hartu baitute.
Andoni Ortuzar EAJko presidentea eta Arantza Quiroga Euskadiko PPkoa webgune horretako parte-hartzaileen artean izango dira. Lan hau Garoa Web Consulting enpresak egin du; Zarautzen (Gipuzkoa) du egoitza, eta sei pertsonak osatzen duten lantaldea du.
EAJ, Amaiur, PP, PSE-EE eta UPyD alderdietako politikariez gain, ekimen honekin beste alderdi batzuetako parlamentari batzuek ere egin dute bat, besteak beste, honako hauek: Rafael Simancas (PSOE), Carles Campuzano (CiU), Teresa Jorda (ERC), Chesus Yuste (CHA) eta Uxue Barkos (Geroa Bai).
Oier Aranzabal Garoa Web Consultingeko arduradunak azaldu duenez, hasiera batean, politikarien direktorio bat egitea pentsatu zuten, baina "ideiari balio erantsi bat" ematearen alde egin zuten gero, eta proiektua herritarren partaidetzara bideratu.
Orduan, webgune honen bitartez, herritarren galderak entzuteko eta erantzuteko prest zeuden alderdi parlamentarioetako kideak bilatzen hasi ziren.
"Galdera-proposamena"
Komunikazio horren funtzionamendu egokia bermatzeko, erabiltzaileek erregistratu egin beharko dute eta "galdera-proposamena" egin. Proposamen horrek nahikoa babes jasoz gero, galdera bideratuko dute, hitz edota mezu desegokirik ez badu behintzat.
Politikariek euren biografia izango dute atarian, eta bakoitzari "galdera-erantzun ratio" bat egokituko zaio, asteko agendaren arabera, erantzun ahal izateko, denbora "mugatua" dutela jakinda.
"Benetan jendea entzun nahi duten politikariak"
"Ez genituen politikari asko izan nahi, benetan jendeari entzun nahi zioten horiek soilik", nabarmendu du Aranzabalek. Halaber, datorren asteetan euren partaidetza berretsi duten hogeita bostei beste batzuk gehituko zaizkiela gaineratu du.
Besteak beste, hauek daude zerrenda horretan: Odon Elorza eta Federico Buyolo sozialistak, Iñaki Anasagasti eta Aitor Esteban jeltzaleak, Carlos Martinez Gorriaran eta Gorka Maneiro (UPyD) eta Jon Iñarritu eta Rafa Larreina (Amaiur).