Politika -
Digitalizazioa
Nafarroak eta Euskadik ETB ikusteko hitzarmena prestatzea adostu dute
Nafarroako Gobernuak Jaurlaritzari esan dionez, ETBk Nafarroan jarritako digitalizazioaren seinale analogikoa "legez kanpokoa" da.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak EiTBren emanaldien digitalizazioa Euskal Herrian behin betiko erregularizatzeko Esparru Hitzarmen berri bat abiaraztea adostu dute astelehen honetan, Jaurlaritzak ohar batean jakitera eman duenez.
Bi ordezkaritzek gaur Iruñean egin duten bileran adostu dutenez, Eusko Jaurlaritzak idatziko du hitzarmen-zirriborro berria, baita Nafarroako Gobernuari igorri ere.
Eusko Jaurlaritzak datozen egunetan igorriko du dokumentu berri hau, gaia "behin betiko konpondu ahal izateko", eta EiTBk berme osoz emititu ahal izan dezan autonomia-erkidego honetan.
Nafarroak araudia jarraitzea eskatu du, EiTBren digitalizazioa "legez kanpokotzat" hartuta
Bestalde, Nafarroako Gobernuak Jaurlaritzari esan dionez, ETBk Nafarroan jarritako digitalizazioaren seinale analogikoa "legez kanpokoa" da, Nafarroan LTDren frekuentziak hartzea "Ministerioaren baimenik izan gabe".
Nafarroako Gobernuak araudian aurreikusitako prozedurak jarraitzea eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, protokolo bat eta hitzarmen bat sinatzea bi erkidegoen artean, Ministerioari multiplex bat eskatzea eta foru erkidegoan multiplex hori jartzea.
"Legezko pauso" horiek jarraitzeko, Nafarroak esan du hasierako puntuak "Nafarroaren errealitate instituzionala eta nafarren interesak errespetatzea" izan behar duela.
Halaber, "ETBk bakarrik duen Nafarroan eduki audiobisualak emateko eskubideen erosketa bukatzea" eskatu du, besteak beste, pilota partiden kasuan, Nafarroan emititzeko lizentzia duten telebistek partida horiek erosi eta emateko aukera izan dezaten, edota telebistekin akordio batera iritsi ahal izan daitezen horretarako.
Nafarroaren errealitatea errespetatzea bat dator jardunarekin, EiTBren ustez
EiTBren iritziz, Nafarroako erakundeen errealitatea errespetatzea bat dator, bere jarduna euskara erabiltzen den eremu geografikoaren eta soziologikoaren barruan eskaintzearekin, ohar batean azaldu duenez.
Nafarroan ikus-entzunezko edukiak emateko eskubideak erosteari buruz, pilotaren kasuan gertatzen den legez, honako iritzia du EiTBk: "Eskubideen salmenta merkatu librean egiten da, eta edozein operadorek esku hartu dezake. EiTBk, beste edozein operadore edo eragilek egiten duen modura, bere jarduna merkatu librean egiten du, eta lurreko uhin hertziarren, kable, satelite eta Internet bidez egiten ditu bere emanaldiak. Hartara, ikus-entzunezko eskubideen negoziazioan, derrigorrean, hedapen gunea kontutan hartu behar da".