Politika -

Liburu baten aurkezpena

Fernandez Diaz: 'ETA presoak eta gutxi gehiago da, hilzorian dago'

Barne ministroaren arabera, ETAk "ez du zeresanik Nafarroan eta Euskadin, ezta Espainian ere". Gobernuak "sekula" ez duela negoziatuko ziurtatu du Fernandez Diazek.

Jorge Fernandez Diaz Barne ministroa 'Relatos de plomo' liburuaren aurkezpenean. Argazkia: EFE
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroa 'Relatos de plomo' liburuaren aurkezpenean. Argazkia: EFE
Fernandez Diaz: 'ETA presoak eta gutxi gehiago da, hilzorian dago'

2:01

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jorge Fernandez Diaz Barne ministroaren hitzetan, ETA gaur "bere presoak eta gutxi gehiago da". Horregatik, porrota eta "hilzorian" dagoela onartzeko eskatu dio ministroak ETAri, behin betiko desagertzea erabakitzeko.

Relatos de plomo. Historia del terrorismo en Navarra 1960-1986 liburuaren aurkezpenean, Senatuan, egin ditu adierazpenak. Aspalditik ETAren ahultasuna nabarmena dela azpimarratu du Fernandez Diazek, segurtasun indarren lanari esker.

"ETA gaur indarkeria laga zuenean baino askoz ahulago dago. Hiltzear dago", nabarmendu du Barne ministroak. Fernandez Diazen ahotan, ETA gaur "bere presoak eta gutxi gehiago da, seguru nago".

Horregatik, ETAk berehala desagertu behar duela eta porrot egin duela onartu behar du, azaldu duenez. "Ez du zeresanik Nafarroan eta Euskadin, ezta Espainian ere", erantsi du.

"Egoera onartzen ez baldin badute, ulertarazi egingo diegu; ulertzen duten hizkuntza bakarra delako", azpimarratu du ministroak Pio Garcia-Escudero Senatuko presidentearen, Yolanda Barcina Nafarroako presidentearen eta ETAko biktima batzuen aurrean.

Negoziazioari, uko

Fernandez Diazen esanetan, "historiako une honetan Gobernuaren politika argi dago", ETAren aurkako borrokan: "Sekula" ez negoziatu eta ETAko ustezko kideak atxilotzen jarraitu.

"Pistola argudio bezala duen erakunde terrorista batekin negoziatzerik ez dago. Aukera bakarra porrota onartzea dute, bestela borrokan jarraituko dugu", gaineratu du. Legealdia hasi zenetik ustezko 100 terrorista baino gehiago atxilotu dituztela goraipatu du ministroak.

Terrorismoaren benetako kontakizuna egin behar dutela azaldu du Barne ministroak, biktimei justizia egiteko; izan ere, batzuek "euren kontakizuna inposatu nahi digute".

Amaiur

Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko bozeramaileak Barne ministroari erantzun dio. Fernandez Diazen "traza moral eskasa" kritikatu du Errekondok.

"ETA, negarrez kartzelan dauden presoak dira", ziurtatu du ministroak gaur. "Negar egitea sufritzen ari diren gizakien" jokabide logikoa dela aurpegiratu dio Amaiurreko diputatuak ministroari.

"Bakearen aldeko apustua maiuskulekin" egiteko eskatu die Errekondok Fernandez Diazi eta Gobernuari. Era berean, konponbiderako prozesua "elkarbizitzan eta elkarrekiko errespetuan" oinarritzeko eskatu die.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea