Politika -
Gardenatasuna
Urkullu: 'Posible da gobernantza hobetzea, gure lehentasuna izango da'
Urkullu Gasteizen izan da gaur, Herri Administrazioetako kudeaketaren bikaintasunari buruzko V. Kongresuaren inaugurazioan.
Erredakzioa
‘Gobernantza’ nabarmen hobe daitekeela onartu du gaur Iñigo Urkullu lehendakariak, eta epe motzean, “gardentasuna bermatzeko neurri berriak” iragarriko dituela aurreratu du. Eusko Jaurlaritzako kargu eta langile guztiek bere egunean sinatu zuten Kode Etikoan jasoko dira aipatu neurriak.
Urkullu Gasteizen izan da gaur, Herri Administrazioetako kudeaketaren bikaintasunari buruzko V. Kongresuaren inaugurazioan. Q-Epeak antolatutako biltzarrean EAEko 27 erakunde publikok parte hartuko dute gaur eta bihar.
Bere hitzaldian, lehendakariak adierazi du gobernantza hobetzea Jaurlaritzaren lehentasuna izango dela eta baieztapen horrek dakarren “autokritika” onartu egin du. “Hobetzeko nahitaezkoa da autokritika egitea”, laburbildu du. “Gardentasuna eta hurbiltasuna bermatzeko neurriak eskatzen dizkigute herritarrek”, azpimarratu du. Gestio publikoaren kalitatea hobetzeko lanean ari direla esan du lehendakariak eta, helburu horrekin, Kode Etikoa bultzatu egin zuela gogoratu du. “Kode zorrotza da, eta gure borondatez sinatzea erabaki dugu”. Gutxi barru, gaineratu du, neurri eta baldintza berriak gehituko dizkiote kode horri.
Bestalde, euskal Administrazio Publikoaren Legearen aurreproiektua “oso aurreratuta” daukatela nabarmendu du eta, horren barruan, gardentasuna eta efikazia ere kontuan hartuko dituzte.
Urkullurekin batera, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Javier de Andres Arabako diputatu nagusia, Javier Maroto Gasteizko alkatea edota Jose Hernandez Euskaliteko presidentea izan dira.