Politika -

Urkulluren ustez

'Bergararen hitzak desegokiak izan ziren, baina erabili egin zituzten'

Josu Bergara Sestaoko alkatearen adierazpenak "desegokiak" izan direla berretsi du gaur Iñigo Urkullu lehendakariak, baina orain urtebete egindako grabazioa politikoki erabili dutela salatu du.

Urkullu: 'Sestaoko alkatearen hitzak desegokiak iruditu zaizkit'

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Bergara Sestaoko alkatearen adierazpenak "desegokiak" izan direla berretsi du ostiral honetan Iñigo Urkullu lehendakariak, baina orain urtebete egindako grabazioa politikoki erabili zutela salatu du. "Adierazpenak manipulatu egin zituzten, eta hauteskundeetarako lau egun falta zirenean zabaldu zituzten", adierazi du. Legebiltzarreko kontrol saioan, Sestaoko alkateak etorkinei buruz egin zituen adierazpenen inguruan EH Bilduk egindako galdera bati erantzun dio lehendakariak. Bizkaiko SOS Arrazakeria elkartearen laguntzarekin, zortzi pertsonak, bost familiak eta beste bi lagunek Sestaoko alkatearen aurkako salaketa bat jarri zuten maiatzaren 22an, etorkinak eta ijitoak ez erroldatzea, prebarikazioa edota neurri "baztertzaileak" hartzea egotzita.Aurkeztutako salaketarekin batera, froga moduan, alkateak higiezinen enpresetako ordezkariekin egindako bi bileraren audioak eman zituzten. Grabazio horietan, legea "egunero" hausten duela onartzen du Josu Bergarak. Hauek dira, hitzez-hitz, horren adierazpenak:"Etorkinei ez diet Sestaora etortzea debekatuko, hori egitea ezinezkoa delako, baina, gutxienez, inork nahi ez dituzten pertsonak ez daitezela Sestaon sartu!". "Kaka guztia Sestaora? Ez, ez, kaka ez da gehiago Sestaora etorriko, bestela nik botako dut. Ni arduratuko naiz, ostiaka noski, baina bota egingo ditut. Jakina, kaka ez du inork nahi, jendeak leku guztietatik botatzen dituelako. Herri guztietan, inork ez ditu ijitoak nahi".Hurrengo egunean, alkateak barkamena eskatu zuen, baina ez zuen dimisioa eman. Lehendakariak Sestaoko alkatearen hitz "desegokiak" gaitzetsi ditu gaur, baina "orain urtebete egindako grabazioaren erabilera politikoa" ere salatu du. "Norbaitek gai horren larritasuna azpimarratu nahi du orain, bere egunean salatu ez zuen gai batena, alegia", adierazi du Legebiltzarrean. Sestaoko osoko bilkuraren jarrera "oso argia" izan dela nabarmendu du Urkulluk, eta Bilduk alkatearen aurka aurkeztutako mozioak "hiru zinegotziren babesa besterik ez" zuela lortu gogoratu du. Bilduri erabaki hori errespeta dezan eskatu dio. Horrez gain, Sestaok "arazo larriak" dauzkala esan du lehendakariak, "auzotar batzuen herritartasun falta dela eta".  "Delinkuentzia arazo larri baten aurrean gaude, eta konponbidea bilatu behar diogu", adierazi du. Sestaoko alkatearen afera epaitegietan dagoela gogoratu du Urkulluk, eta, horrenbestez, ebazpena izan arte, "zuhurtziaz" jokatzeko eskatu die alderdi politikoei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu biografia