Politika -

Polizia operazioa

'Gudarien basoa' auzian atxilotutakoak aske utzi dituzte karguekin

Ordubetez deklaratu dute Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean eta ukatu egin dute terrorismoa goratzea.

Gudarien basoa. Argazkia: EiTB
Gudarien basoa. Argazkia: EiTB
Osakidetzako sindikatuek greba egitearekin mehatxatu dute

1:11

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Terrorismoa goratzea egotzita atzo Oiartzunen atxilotu zituzten bost pertsonak aske gelditu dira karguekin, Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean deklaratu ostean. Aske gelditu baldin badira ere, inputatuta segitzen dute.

Atxilotuak gaur goizean eraman dituzte Auzitegi Nazionalera eta ordubetez deklaratu dute Pablo Ruz epailearen aurrean. Atxilotu guztiek ukatu egiten dute terrorismoa goratzea. Dena den, epaileak terrorismoa goratzea inputatzen die.

Halaber, Ruz epaileak behin-behineko neurriak hartu ditu Joaquin Izaguirre Elizondo, Francisco Javier Iragorri Gamio, Erramun Sagarzazu Gaztelumendi eta Francisco Ramon Gaztelumendi Uribarren eta Miren Itziar Iñarra atxilotuen kontra. Hasteko, pasaportea kendu die, euren bizileku finkoa jakinaraztera behartu ditu, eta 15 egunero sinatzera joan beharko dute.

Autoan, Ruz epaileak azaldu du martxoaren 19an Aritxulegi mendian Francisco Javier Lopez Peña "Thierry" eta Arkaitz Bellon Blanco ETAko kideen omenaldi ekitaldi bat egin zela. Haien omenez "Gudarien Basoan" hainbat haritz landatuta.

"Garrantzia erritualean"

Guardia Zibilaren txosten bat jaso du epaileak, bertan "ETAko militantziarentzat garrantzia erritualean" duela azaltzen du basoan egindako ekitaldiak. Bertan ikurrina altxatu, "aurresku" bat dantzatu, hitzaldiak eman eta "Eusko Gudariak" ereserkia abestu zen.

Epaileak adierazi duenez, ekintza hori laurogeita hamar urteen erdialdetik errepikatzen ari dira, "era sistematikoan, eta urtero, aurreko urtean hildako ETAko kideei omenaldia eginez".

Omenaldi hori egitea "oso ondo planifikatuta eta egituratuta dago", Guardia Zibilaren arabera. Hori antolatzeko hildakoen familiarrei, eta taldeko preso ohiei zuzendutako gonbidapenak egiten direla nabarmendu du. Sarrera horiek mendira bide publikotatik sartzeko eskatzen ziren, iturri berberaren arabera.

Epaileak adierazi duenez, atxilotuak ekitaldiaren prestaketa taldearen barruan zeuden, instrukzioak eman zituen eta gainerako parte-hartzaileen jarduerak koordinatu.

Garaiz kanpokoak, Gipuzkoaren arabera

Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramalearen esanetan, azken atxiloketak "garaiz kanpokoak" dira, eta "Ebrotik harago arreta desbideratzea" dute helburu, Espainian "erakundeen krisia" gertatzen ari den bitartean.

Foru Gobernuko Kontseilak onartutako azken neurrien berri emateko astero egiten duten prentsaurrekoan, Ugartek esan du atxiloketok, eta deklaratzera joateko zitazioak, "garaiz eta lekutik kanpo" daude.

"Deigarria da erakundeen krisia gertatzen ari den bitartean, Espainiako krisia, ekintza bat egitea Euskal Herriaren kontra", bere ustean.

"Oroitzea, ez omentzea"

Bestalde, Sortuk Gobernu zentralari ohartarazi dionez, "memoria eskubidearen kontra egitea, bakea eta normalkuntza politikoa oztopatzea da" eta, zehaztu duenaren arabera, "gomuta eta memoria ez dira omenaldi eta apologiaren sinonimo".

Donostian egindako prentsaurreko batean, Pernando Barrena eta Amaia Izko Sortuko bozeramaleek atxilotuak aske uztea eskatu dute. Gainera, haien esanetan, operazioa "PPk eta Rajoyren Gobernuak gertatutakoaren ikuspegia inposatzeko duten obsesioaren seinale da".

"Espainiartasuna inposatzeko, indarrez eta euskal gizartearen borondatearen kontra, beste ahalegin bat da, euskal herritarroi subjektu politiko izatea eta gure etorkizuna erabakitzea ukatzen jarraitzeko", esan dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea