Politika -
De Juana Chaos Venezuelan
Maduro: 'Venezuelan ETAko norbait badago, bilatu egingo dugu'
Herrialdean dauden ETAko kide bakarrak 80ko hamarkadan Espainiako Gobernuarekin adostutakoak direla esan du Venezuelako presidenteak.
Erredakzioa
Nicolas Maduro Venezuelako presidentearen esanetan, herrialdean dauden ETAko kide bakarrak 80ko hamarkadan Espainiako Gobernuarekin adostutakoak dira. Hori horrela, beste norbait egotekotan, "bilatu" egingo dutela aurreratu du.
Antena 3 telebista kate espainiarraren arabera, Iñaki de Juana Chaos ETAko buruzagi ohia Venezuelan dago. Hori frogatzeko xedez, ustez maiatzaren 11n Anzoategui estatuko supermerkatu batean grabatutako bideo bat publikatu zuen duela hiru aste. Irudi horietan, De Juana Chaos omen den gizon bat ikus daiteke, ume eta emakume batekin batera.
"En Contacto con Maduro" irrati saioan, Venezuelako presidenteak "espekulaziorik" ez egitea eskatu du. "Nork ikusi zuen [De Juana Chaos]? Noiz? Non daude frogak? Espekulazio kanpaina baten parte dira", ohartarazi du.
Nolanahi ere, herrialdean Interpolek bilatutako ETAko kideren bat balego, "gure beharra hori bilatzea" izango litzatekeela nabarmendu du.
Bestalde, "Espainiak bake akordio baten bidean aurrera egitea" espero duela adierazi du Madurok
"Zapateroren Gobernuak negoziazioak abiatu zituen, eta badirudi Rajoyrenak ere bai, indarkeria erabiltzen duten talde horiekin bake akordioa lortzeko; lor dezatela espero dut, errua besteei ez botatzeko", esan du.
Maiatzean, De Juana Chaos Venezuelan ote dagoen egiaztatzea eskatu zion Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak Interpoli.