Politika -

Eusko Legebiltzarra

Euskadi independentea EBtik kanpo geldituko litzateke, Marotoren ustez

Gasteizko alkatearen eta PPko legebiltzarkidearen iritziz, autogobernuaren 'eufemismoa' erabiltzen dute batzuek independentzia mahai gainean jartzeko.

Saratxagak eta Marotok Legebiltzarreko Autogobernuaren lantaldean hitz egin dute. Argazkia: EiTB
Saratxagak eta Marotok Legebiltzarreko Autogobernuaren lantaldean hitz egin dute. Argazkia: EiTB
Maroto eta Saratxaga, autogobernurako lantaldean

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadi edo Euskal Herriak independentzia lortuko balu Europar Batasunetik eta eurotik kanpo geldituko litzateke, Javier Maroto Gasteizko alkate eta PPko legebiltzarkidearen iritziz.

Maroto popularrak Legebiltzarreko Autogobernu lantaldean hitz egin du, Alderdi Popularrak hala eskatuta, udal ikuspuntutik auzi honetan duen iritzia agertzeko.

Marotoren agerraldiaren inguruan eztabaida sortu da Legebiltzarrean gainerako alderdi politikoen artean, Maroto legebiltzarkidea izaki. EAJk, ordea, ez du eztabaida horretan parte hartu nahi izan.

Gasteizko alkatearen iritziz, autogobernuaren "eufemismoa" erabiltzen dute alderdi batzuek independentziaren gaia mahai gainean jartzeko. Halaber, Euskadik independentzia lortuko balu Europar Batasuneko kide izateko eskaera egin beharko lukeela nabarmendu du.

Horren harira, bazkide berri bat onartzeko Europar Batasuneko herrialde guztiek aldeko bozka eman behar dutela azpimarratu du Marotok. Horren ustez, Belgikak ez luke Euskadi EBko bazkide izatea onartuko, Belgikaren baitan flandiarren eta waloien artean dagoen gatazka ikusita.

Euskadi Europar Batasuneko kide moduan onartuko balute ere, Euskadi Zipre edo Esloveniaren gisako herrialdea izango litzatekeela uste du Marotok, hots, "inoiz entzuten ez zaien herrialde horietako beste bat".

Marotok egungo eredua babestu du Euskadirentzat. Bestalde, autogobernuaren eztabaidan udalak ahaztu izana gaitzetsi du Marotok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea