Politika -

Krisia PSOEn

Pere Navarrok PSCko idazkari nagusiak dimisioa eman du

Alderdian "aldaketa sakonak" gertatzeko dimisioa aurkeztea erabaki du Pere Navarrok. Bestalde, "publikoki" desadostasunen berri ematea aurpegiratu die Navarrok sektore kritikoei.

Pere Navarro PSCko idazkari nagusiak dimisioa aurkeztu du. Argazkia: EiTB
Pere Navarro PSCko idazkari nagusiak dimisioa aurkeztu du. Argazkia: EiTB
Pere Navarrok, PSCko idazkari nagusiak, dimisioa eman du

0:49

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pere Navarro PSCko idazkari nagusiak dimisioa aurkeztu du, Kataluniako Alderdi Sozialistako iturriek jakinarazi dutenez.

PSCko ezohiko Kontseilu Nazionala egin baino hiru egun lehenago kargua uztea erabaki du Navarrok. Alderdiko ildo edo korronte ezberdinak bateratzea nahi zuen PSCko buruzagiak Kontseiluan.

Alderdian "aldaketa sakonak" gertatzeko dimisioa aurkeztea erabaki du Pere Navarrok. Bestalde, "publikoki" desadostasunen berri ematea aurpegiratu die Navarrok sektore kritikoei, alderdiko zuzendaritzaren organoek lortutako akordioak urratu dituztelako.

Dimisioa larunbateko Kontseilu Nazionalean gauzatuko dela azaldu du Navarrok prentsaurrekoan. PSCko zuzendaritza berriak etorkizunean izan beharreko papera erabaki beharko duela azaldu du buruzagi sozialistak.

Alderdiak behar dituen aldaketak aurrera eramateko "irtenbide onena" dela uste du Navarrok.

"Konponbiderik onena zuzendaritza berri bati lekukoa ematea da. Alderdiarentzako erabaki onena da", adierazi du. Hala ere, buruzagi gisa utzitako ondarea defendatu du Navarrok, besteak beste, erreforma federala egiteko proposamena eta hautagaiak aukeratzeko barne-hauteskunde irekiak aipatu ditu.

Kontseiluan "erabaki aproposak" kolektiboki hartzea espero du Navarrok.

Artur Mas Kataluniako presidenteak azaldu duenez, Navarrok erabakiaren berri emateko deitu dio. Masen hitzetan, ordu erdi lehenago deitzeko "urguritasuna eta ganora" izan du erabakiaren berri emateko.

Pere Navarro PSC efe

Pere Navarro PSCko idazkari nagusiak dimisioa aurkeztu du. Argazkia: EFE

Emaitza txarrak

Europako hauteskundeetan emaitza kaskarrak izan eta gero heldu da Navarroren erabakia. Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak erabaki berdina hartu zuen.

Navarro duela ia hiru urte izendatu zuten PSCko idazkari nagusi; aurretik Terrassako (Bartzelona) alkatea izan zen hamarkada batean. Alderdiak ez ditu hauteskundeetako emaitza eskasak irauli.

Kataluniako azken hauteskundeetan emaitza txarrenak lortu zituen PSCk; 20 parlamentari eta botoen % 14 lortu zituen. Europako hauteskundeetan joera errepikatu zen.

Alderdiko sektore katalanistek Navarro gogor kritikatu dute. Kataluniako kontsultari babesik ez ematea leporatu diote. Gainera, hiri nagusietako alkateen babesa galdu du PSCko agintariak.

Pere Navarro PSC efe

Pere Navarro PSCko idazkari nagusiak dimisioa aurkeztu du. Argazkia: EFE

"Estatu ereduari buruzko eztabaida abiatzeko garaia da"

Atzo, Estatu ereduari buruzko eztabaida abiatzeko garaia zela adierazi eta biharamunean dator dimisio iragarpena. Halaber, Konstiuzio berriak Katalunia "nazio" gisa aitortu behar duela nabarmendu zuen.

Atzo "XXI. mendeko Katalunia: Egin diezaiegun aurre aldaketei ausardiaz" goiburupean egindako konferentzia batean parte hartu zuen Pere Navarrok. Horren esanetan, "Monarkia itun konstituzionalaren oinarri garrantzitsua izan zen", baina hanka-sartzea da 1978ko Konstituzioa "ukiezina" dela pentsatzea, "bozkatua eta berretsia" izan zelako soilik.

Estatu ereduaz galdetuta, PSOEren sustraiak errepublikarrak direla adierazi zuen; izan ere, "monarkiak diktadura esan nahi zuen". Hala ere, ikuskera hori aldatu egin zen, hain zuzen ere, "sozialistek, komunistek, nazionalistek eta kontserbadoreek bat egin" eta monarkia demokraziaren eta egonkortasunaren berme izan zitekeela pentsatu zutenean.

"1978ko Konstituzioak heldutasun politikorik gabeko herrialde baten beharrei erantzuten zien. Bidean, etorkizunean jorratu beharreko hainbat gai alboratu egin ziren. Etorkizuna iritsi da eta horiei heltzeko unea heldu da", ohartarazi zuen Pere Navarrok. Hori dela eta, "ezinbestekoa da alderdi politiko nagusiek eta alderdi berriek zilegitasuna berreskuratzeko elkarlanean lan egitea. Horretarako, elkarrizketa eta lasaitasuna proposatu zituen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea