Politika -
Barne-hauteskundeak
Madinak bere hautagaitza aurkeztuko du ostiral honetan, Senatuan
Pedro Sanchezek, aldiz, hautagaitza aurkeztu du dagoeneko. "Errepidearen hautagaia" izango dela ziurtatu du. Bestalde, Jose Antonio Perez Tapias diputatu ohiak hautagaitza larunbatean aurkeztuko du.
Erredakzioa
Eduardo Madina PSOEko diputatuak alderdiko idazkari nagusia izateko hautagaitza aurkeztuko du ostiral honetan, Senatuan. Ramon Rubial buruzagi sozialista historikoaren bustoaren alboan agerraldia egingo du Madinak.
Alfredo Perez Rubalcaba ordezkatzeko hautagaitzaren berri agiri baten bidez eman du Madinak. Agiria @EquipoMadina bezala sinatu du, eta bere irudi batekin eta "Garai berri bat" leloarekin lagundu du.
Horrela, PSOEko buruzagi izateko 'lasterketari' ofizialki hasiera emango dio Madinak 12:30ean. Ramon Rubial sozialisten ikur politiko eta etikoaren bustoa protagonista izango da prentsaurrekoan.
Pedro Sanchez
Pedro Sanchez hautagaiak, ostera, aurkezpena egin du gaur arratsaldean. "Errepidearen hautagaia" izango dela ziurtatu du, Espainia osoko txokoetako alderdikideekin egoteko beharrezkoak diren kilometro guztiak egingo dituelako. Alderdiaren "batasuna" eta "aldaketa" lortzeko berme bezala aurkeztu du bere burua.
200 bat militanteekin agerraldia egin du diputatuak Alcorconen. Udalerria 30 urtez gobernatu zuen PSOEk, baina 2011z geroztik PPk gehiengo absolutua du.
Jose Antonio Perez Tapias
Bestalde, Jose Antonio Perez Tapias diputatu ohiak, Ezker Sozialistaren taldeko kideak, hautagaitza larunbat goizean aurkeztuko du, PSMko egoitzan.
59 urteko Perez Tapias Sevillan jaio zen eta 1993az geroztik militante sozialista da. 2006tik 2011ra PSOEko diputatua izan zen. PSOEk ezkerretara jotzea nahi du hautagaiak, alderdiak esparru politikoa eta hautesleak ezkerrean dituelako.
Perez Tapiasen hitzetan, PSOEren jarrera "txepelek", "norabiderik gabeko" oposizioak eta proiektuaren "lausotzeak" boto-emaileak ezkerreko alderdietara eraman dituzte.