Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
'Juan Carlos herritarra auzitegira eramateko aukera egon behar da'
IUko liderrak Radio Euskadin egindako adierazpenetan "aberrazio demokratiko"tzat jo du Juan Carlos I.aren bortxaezintasuna.
Erredakzioa
Juan Carlos erregeak legeari dagokionez abantaila egoeran jarraitzea "aberrazioa" izango litzatekeela adierazi du Cayo Lara IUko koordinatzaile orokorrak Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako adierazpenetan. Bere iritziz, errege titulua izango duen arren, "herritar" bat izango da, eta, ondorioz, beste pertsonek dituzten betebeharrak izan beharko lituzke legearen aurrean.
Juan Carlos erregearen abdikazioaren ostean Gobernua prestatzen ari den arauari dagokionez, Larak adierazi du: "Ginerako pertsonak bezala, Juan Carlos herritarra ere auzitegietara eramateko aukera izan beharko litzateke. Bortxaezintasuna aberrazio demokratikoa da", gaineratu du Larak Radio Euskadin egindako adierazpenetan.
IUko agintariaren hitzetan, Espainian inkesta bat egingo balitz, "herritarren gehiengoa" kargua utziko duen erregeak tratu berezia izatearen aurka agertuko liteke.
IUko liderrak nabarmendu du bere alderdiko parlamentariak ez direla Felipe VI.aren aldarrikapenera joango "koherentzia"gatik. Izan ere, errepublika-sistema eta Estatu ereduari buruzko erreferenduma egitea eskatzen du IUk.
Ez du aterik ixten PSOErekin hitzarmenak egiteko
PSOErik dagokionez, ez dio aterik ixten alderdi sozialistaren lider berriarekin akordioak egiteari, betiere Jose Luis Rodriquez Zapateroren agintaldian aplikatutako politikak baztertu eta politika ezberdinak egiten baldin baditu.
"PSOErekin egingo ditugun bilerak gai konkretuei buruzkoak izango dira. Sinesgarritasuna izan behar da. Ezin dira oposizioan gauza bat esaten ari, eta Gobernuan beste bat egiten ari", gaineratu du.
"PSOE honek, aurpegiak aldatu ala ez, proiektua asko aldatu behar du, eta gizartean oso galduta duen sinesgarritasuna berreskuratu behar du. Bere iragan hurbilak min handia egin dio herrialde honi", esan du Cayo Larak.