Politika -

Salaketa

Green Capital izendapenak 'ekonomian eragin eskasa' izan du EAJrentzat

Marotoren taldeak Gasteizko ekonomia suspertzeko aukera paregabea izan duela, baina ez duela aprobetxatu salatu dute jeltzaleek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2012an  jaso zuen Gasteizek European Green Capital izendapena. EAJ alderdiak salatu duenez, Javier Maroto Gasteizko alkatearen "gestio eskasaren ondorioz", izendapenak ez dio ekarri Arabako hiriburuari inolako onura ekonomikorik. "Hiriko ekonomia sustatzeko aprobetxatu beharrean, publizitatera eta marketinera bideratu du bere lana Marotok", salatu dute jeltzaleek.

Gorka Urtaran EAJk Gasteizko Udalean duen bozeramaileak hainbat datu jarri ditu mahai gainean, euren salaketa frogatze aldera; besteak beste, BEZaren bilketaren datuak Arabako Ogasunean, ostalaritzaren eta merkataritzaren alorretan. Urtaranen hitzetan, "harrituta" jaso dituzte datuok, 2012an behera egin baitzuten sarrerek bi alor horietan, 2011ko datuekin alderatuta: 2012an 50,4 milioi euro batu ziren eta 2011an 57,6 milioi euro. Hala, eta datuok kontuan hartuta, "egoerak okerrera egin zuen, hobera egin beharrean".

Gasteizko Udalak argitaratutako txosten batean ere oinarritu da Urtaran, salaketa egiteko. Green Capital izendapenari esker lortutako emaitzak aipatzen ditu Udalak txosten horretan. Urtaranen arabera, bisiten kopuruak soilik % 3 egin zuen gora izendapenak iraun zuen bitartean. Udalak Gasteizek nazioartean izandako oihartzuna nabarmendu zuen lorpenen artean, baina jeltzaleen iritzian, oihartzun horren  eraginik ez dute atzeman Gasteiztarren poltsikoek.

Marotoren taldeak Gasteizko ekonomia berpizteko aukera paregabea izan duela, baina ez duela aprobetxatu salatu du Urtaranek. Bere esanetan, publizitatera, propagandara eta marketinera bideratu ditu ahaleginak Marotok, ekonomia suspertzeko neurririk hartu gabe.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea