Politika -

Gizarte ekimena

Eskubide Sozialen Gutuna sozializazio fasean sartu da

Sustatzaileek azpimarratu dutenez, Gutuna "egiteko prest zeuden guztien artean egin da, horrela, Euskal Herriaren aniztasuna erakusteko".

Bilbon eskaini dute prentsaurrekoa Gutun Sozialaren sustatzaileek. EiTB
Bilbon eskaini dute prentsaurrekoa Gutun Sozialaren sustatzaileek. EiTB
Eskubide Sozialen Karta lau haizetara zabaltzeko bideari ekin diote

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunaren sustatzaileek gutunaren edukiak aurkeztu eta dokumentua ofizialki sinatu dute gaur Bilbon. Horrela, sozializazio eta mobilizazio faseari ekin diote, "gauzak errotik aldatzeko".

Gutunaren sorreran parte hartu duten erakunde sindikal eta sozial guztietako ordezkariak izan dira aurkezpenean; tartean, ELA eta LAB sindikatuetako idazkari nagusiak, Adolfo Muñoz eta Ainhoa Etxaide. Sustatzaileek "sozializazio fasea" hasi eta "atxikimendu aktiboak" aurkitzeko beharra azpimarratu dute, baita "Gutunaren eguneroko lana Euskal Herriko txoko guztietara iristea ahalbidetuko duen sare bat osatzeko moduko antolaketa eredua" sortzeko gai izatea ere.

Maiatzaren 31n onartu zen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna, urtebete iraun duen prozesu baten ostean. 1.200 bat pertsonak parte hartu dute Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako hiri, herri eta auzoetan irekitako 113 prozesutan.

Dokumentuaren aurkezpenean azaldu dutenez, Gutuna "egiteko prest zeuden guztien artean egin da, horrela, Euskal Herriaren aniztasuna erakusteko, herri honetan elkarbizi diren eta eredu sozial eta ekonomiko berri baten alde egiten duten Euskal Herria desberdinak batzeko".

Hori horrela, hurrengo pausoa "sozializazioa eta mobilizazioa" dela adierazi dute, "beharrezkoak baitira gauzak errotik aldatzeko". Horren harira esan dute "Iparraldearen integrazioa" falta dela, eta "apustu honetan egon behar duten pertsona eta erakunde askoren hutsunea" nabarmena dela oraindik.

Sustatzaileen hitzetan, "prozesu honetan lortu den mobilizazio mailak ez du zerikusirik gauzak aldatzeko beharrezkoa denarekin, baina denborarekin, hutsune horiek, guztion artean, zeregin bihurtuko dira". " Datozen hilabeteetan hutsune horiek aurre eginez gainditzeko prest gaude", adierazi dute.

"Pertsonen lehentasuna"

Gutunak "eskubideen habilitazioa legeztatzeko oinarriak, gure erabakitzeko gaitasun burujabea" biltzen dituela adierazi dute sustatzaileek, eta "pertsonen lehentasuna eta bizitza ekintza ekonomiko, sozial eta politikoaren ardatz gisa" hartzearen aldeko apustua egiten duela. Gainera, "lan, lanpostu eta aberastasun guztien larrialdiko banaketa eraginkorra" defendatzen dituela esan dute, baita "duintasunez bizitzeko adinako prestazio sozialak" ere.

"Guztiena denaren defentsa eta eskubide eta eraginkortasun gehiagoko zerbitzu publikoak, administrazioak aldatzea jokaera eredu parte-hartzailera atxikiz, emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitza, kalitatezko lanpostu duinak eta osasunerako, hezkuntzarako, etxebizitzarako, kulturarako eta hizkuntzarako eskubideak" defendatzen ditu dokumentuak.

Gutunaren sinatzaileek azaldu dutenez, "oinarrizko erreminta bateratzailea eta zeharkakoa" da. Gainera, 'kutxa' deitu duten elementu bat izango dute; bertan, udal eta elkarteen eskutik jasotako laguntza guztiak bilduko dira. "Eztabaida interesgarriak daude zintzilik udal eta elkarteetan, eta haiengana joko dugu kontsulta, proiektu eta kanpaina desberdinetarako", esan dute sinatzaileek.

Sustatzaileek azpimarratu dutenez, dokumentua sinatuta, "fase bat amaitu eta bigarrena hasten da". "Beltza zuriaren gainean idatzita utzi dugu, herritarren eta sektore desberdinen parte hartzeari esker, Euskal Herriarentzat zer-nolako etorkizuna nahi dugun erabaki behar dugu. Gaurtik aurrera hasten da benetako erronka, benetako betebeharra: urte osoan aldarrikatutako eskubide eta ametsak errealitate bihurtzea", gehitu dute.

Horren harira, sustatzaileen aburuz, Gutuna "abiapuntu" gisa hartuta, "gure herrietako eta auzoetako kaleetara irten behar dugu, herritarren eta sektore desberdinen parte hartzea eta mobilizazioa sustatzeko".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea