Politika -

2015eko hauteskundeak

Erakundeak 'modu zitalean' erabiltzea egotzi dio EAJk Bilduri

Gipuzkoako EAJk aukeratu ditu dagoeneko 2015eko udal eta foru hauteskundeetarako hautagaiak. Gipuzkoan agintera itzultzeko prest daudela adierazi dute jeltzaleek.

Gipuzkoako EAJk 2015eko hauteskundeetarako hautagaiak aurkeztu ditu Donostian. Argazkia: EiTB
Gipuzkoako EAJk 2015eko hauteskundeetarako hautagaiak aurkeztu ditu Donostian. Argazkia: EiTB
Eneko Goia eta Markel Olano, Gipuzkoako EAJren zerrendaburuak

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joseba Egibar EAJren Gipuzkoa Buru Batzarreko (GBB) presidenteak, erakundeak "modu zitalean" erabiltzea leporatu dio Bilduri. Horren aurrean, "herritar guztientzat" gobernatzeko konpromisoa hartu du Egibarrek.

Gipuzkoako EAJk aukeratu ditu dagoeneko 2015eko udal eta foru hauteskundeetarako hautagaiak, eta horien aurkezpena egin du gaur Donostian. Hautagaiak eta alderdia prest daude Gipuzkoako erakundeak "berreskuratzeko".

Egibarren esanetan, "ezker abertzaleak bere proiektuak garatzeko soilik gobernatzen du, gainerako herritarrak existituko ez balira bezala". Bide hori "okerra" da buruzagi jeltzalearen iritziz, eta, horren aurrean, EAJk duen proposamena aurkeztu du: "EAJk proiektu politiko argia, garbia, nazionalista eta konprometitua dauka, baita Europan proiektu politiko propioa eraikitzeko bide orria ere".

Gipuzkoako jeltzaleek ekitaldia egin dute gaur goizean Donostiako Kursaal jauregian, eta bertan 2015eko udal eta foru hauteskundeetarako hautagaiak aurkeztu dituzte. Egibarrez gain, bertan izan dira Markel Olano ahaldun nagusirako hautagaia eta Eneko Goia Donostiako alkategaia ere.

Olanok jarrera "paternalista" eta "autoritarioa" izatea egotzi dio Bilduri. Olanoren esanetan, "gipuzkoarrak ezin dira haurrak balira bezala tratatu. Olanoren iritziz, inposaketak alboratu eta herriari protagonismoa eman behar zaio. Are gehiago, inposaketarik gabeko agintea eskaini diete jeltzaleek gipuzkoarrei. Hala, elkarrizketa babestu du eta herriari erabakiak hartzen uztea eskatu du. Horretarako, galdeketak eta parte-hartzeko mekanismoak erabiltzea aipatu du.

Eneko Goia Donostiako alkategaiak Bilduren kudeaketa gaitzetsi du: "Esku-balazta emanda dauka eta ez daki hiriarekin zer egin". Halaber, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua proiektua, Tabakalera, Anoeta estadioaren eraberritzea eta Abiadura Handiko Trena babestu ditu. Goiaren esanetan, "horien alde egitea da hiri gisa Gipuzkoari eta Euskadiri egin diezaiokegun ekarpenik onena".

Etorkizunera begira, "indar abertzaleak dira erreferente" bai Euskadin eta bai Nafarroan ere, Egibarren arabera. Gaineratu duenez, bi aukera abertzaleen artean "garbi dago bakoitza zertan aritu izan den, eta zertan ari den".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea