Politika -

Urtemuga

Indultuaren Legeak 144 urte bete ditu, polemikan murgilduta

Botere betearazlea prozesu penalean "esku-hartzeko" tresna dela salatu du Auzitegi Gorenak. Oposizioko alderdiek gardentasun gehiago eskatu dute, eta PPk, aldiz, "bidegabea" izatea ukatu du.

Ruiz-Gallardon eta Fernandez Diaz, Justizia eta Barne ministroak. EiTB.
Ruiz-Gallardon eta Fernandez Diaz, Justizia eta Barne ministroak. EiTB.
Ruiz-Gallardon eta Fernandez Diaz, Justizia eta Barne ministroak. EiTB.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Indultuaren Legeak 144 urte bete ditu asteazken honetan ia aldaketarik izan gabe eta aurreko egunetan sexu-abusu bati barre egin zion Guardia Zibil bati emandako indultuak sortutako polemikaren erdian.

Indultuaren Legea 1870. urtekoa da, eta Amadeo Saboiakoaren erregetza laburrean onartu zuen Eugenio Montero orduko Justizia ministroak. Lege laburra da, 30 artikulukoa, eta 1988an aldaketa txiki bat egin zioten Felipe Gonzalez presidente zela.

Indultuaren legea guztion ahotan da sexu-abusu bat sakelako telefonoarekin grabatu, barre egin eta geldiarazteko ezer egin ez zuen guardia zibilari maiatzaren 30ean Ministroen Kontseiluak emandako indultuaren ostean. Duela hilabete batzuk ere polemika izan zen, 25 urteko gazte bat autoarekin harrapatu eta hil zuen gidariari indultua eman ziotelako, epaileak 13 urteko kartzela zigorra jarri ostean.

Oposizioko taldeek testua eguneratzeko hainbat eskaera egin dituzte legegintzaldian, eta epaileen zenbait erakundek, Demokraziarako Epaileak eta Idazkari Judizialen Sindikatuak esaterako, indultua PPri lotuta dauden pertsonei ematea salatu dute.

Gorenak indultua zalantzan jarri du

Auzitegi Gorenak berak ere indultua botere betearazleak prozesu judizialetan "esku-hartzea" baimentzen duela salatu du, prozesua berme guztiekin egin eta legeak aurreikusitako zigorra aplikatu duen arren.

Ideia horri jarraituta, indultua "salbuespenezko" neurria dela azpimarratu zuen, Alfredo Saenz bankariari emandako indultuaren ondorio administratiboak baliorik gabe uzten zituen epaian.

PSOE, Izquierda Plural, UPyD, CiU, EAJ, ERC, Compromís-Equo eta BNG alderdiek legeari buruzko eztabaida martxan jartzean eskatu diote Gobernuari, indultuari "gardentasun" handiagoa emateko.

PP, legearen alde

Hala ere, PPren gehiengo osoak oposizioko alderdien lege proposamenek aurrera egitea ekidin dute. PPren ustez, legea ez da "iluna edo bidegabea", eta "momentuko interesei edo kasu konkretuei" erantzuten dieten ekimenak baztertu behar direla adierazi dute.

Espainiako Konstituzioak indultua emateko eskubidea erregeari ematen dio, baina indultu orokorrak ematea eta Gobernuko kideen jokabide kriminalen kasuan erabiltzea galarazten dio.

Gainera, herritarrei legea aldatzeko eskaera egiteko aukera kentzen die.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea