Politika -
Felipe VI.aren proklamazioa
Poliziak diru-lapur talde bat aurkitu du publiko artean
Poliziaren iturriek azaldu dutenez, pertsona horiek “jarrera susmagarria” zutela ikusita atxiki dituzte, baina azkenean ez dituzte atxilotu.
Erredakzioa
Poliziak diru-lapur errumaniar batzuk harrapatu ditu Madrilen, Espainia Plazan, Diputatuen Kongresuan Felipe VI.a errege aldarrikatzeko ekitaldia egin ostean errege-erreginek Errege Jauregiraino egin duten desfilea ikusteko zain bildu den jendetzaren artean.
Poliziaren Zuzendaritza Nagusiko iturriek azaldu dutenez, pertsona horiek “jarrera susmagarria” zutela ikusita atxiki dituzte, baina azkenean ez dituzte atxilotu.
Poliziak oso ondo ezagutzen du 'bosniarren klana', Madrilgo Metroan diru-zorroak lapurtzen famatu egin baita (hori dela eta, Metrora sartzea debekatu zieten orain hilabete batzuk), baina ez daki gaur atxiki dituzten horiek talde horretako kideak diren. Nolanahi ere, hiriburuan zenbat diru-lapur aritzen diren ikusita, Poliziak arreta berezia jartzen du beti horrelakoekin, jendetza handia biltzen duten gaurkoa bezalako ekitaldietan bereziki.
Klan horretako lau kidek Madrilgo hirigunetik aldentzeko agindua dute, epaile batek duela urtebete baino gehiago emakume horiek metroan ez sartzeko agindua eman eta gero.
Gaur goizean, lapur horiek bertatik eraman dituzte, Felipe VI.a eta Letizia errege-erreginak eta horien alabak (Leonor, Asturiasko printzesa, eta Sofia, Espainiako infanta) pasatzen ikusteko zain zeuden pertsonengandik aldentzeko.