Politika -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Erkoreka: 'Felipe VI.ak ez du gauzak aldatzeko borondaterik erakutsi'

Eusko Jaurlaritzaren bozeramailearen arabera, "harrigarria" izan zen Espainiako errege berriak "gaur egun mahai gainean dauden hainbat debate, errepublikarena adibidez, aipatu ere ez egitea".

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea. Argazkia: EiTB
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea.
Erkoreka: 'Felipe VI.ak ez du gauza berririk esan'

Manu Gimenez | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramailearen ustez, Felipe VI.ak "hasieratik erakutsi du ez duela oso jarrera irekia eta ez duela gauzak aldatzeko borondaterik", estatu ereduari eta nazionalitateei dagokienez. Hala ere, "batzuetan errealitateak jarrera aldatzera behartzen du", azpimarratu du.

Erkorekak Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, Espainiako errege berriak atzo emandako hitzaldian aipatu zuen "aniztasuna oso agerikoa da, ezin da zalantzan jarri, Francok berak ere onartzen zuen. Nabarmena da Euskadik ez duela Andaluziarekin zerikusirik. Ukaezina denez, hori aitortzeak ez dauka meriturik. Guk adierazpen ausartagoak eskatzen genizkion, gizartean gaur egun dauden hainbat debate mahai gainean jartzea: estatuaren egitura, monarkiaren zilegitasuna…".

Horren harira, Erkorekak esan du Jaurlaritzak "aniztasun nazionala" aipatzea nahi zuela, "aniztasuna nazioen ikuspuntura" eramatea. Azkenean, ordea, gehien errepikatu zuena "Espainia nazio handia" dela izan omen zen, eta hitzaldia Juan Carlos I.ak eman zezakeela salatu du.

Jaurlaritzaren bozeramailearen esanetan, "harrigarria" izan zen Espainiako errege berriak "gaur egun dauden hainbat debate", errepublikarena eta estatu ereduarena adibidez, "existituko ez balira bezala egitea".

"Ikusteko dago ea erregeak lagunduko ote duen Estatuaren eredua aldatzen. Badauka ekimenerako ahalmena, mezu batzuk edo besteak bultza ditzake, eta hori bere esku dago. Ez dute errege guztiek zertan berdinak izan, baliteke aitaren aldean beste modu batera jokatzea", gaineratu du.

Urkulluren parte-hartzea

Iñigo Urkullu lehendakaria proklamazio ekitaldian izan zela eta, Erkorekak berretsi du "errespetu instituzionalagatik" egin zuela, "ezinbestekoa" dela lehendakariak "eginkizun instituzional guztiak" betetzea, eta gizarteak badakiela "errespetu minimoa erakutsi beharra dagoela nahitaez".

Jaurlaritzaren bozeramaileak esan du Urkulluk ez zuela ekitaldian "txalotzeko arrazoi berezirik aurkitu", eta bizpahiru aldiz bakarrik egin zuela txalo.

Errege berriari eskua emateko une protokolarioa "bilera baterako eskakizuna egiteko" aprobetxatu zuela jakinarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Felipe VI.a albisteak