Politika -
Kutxabank
Olano: 'EAJri kalte egiteko erabili nahi du Bilduk Kutxa'
Buruzagi jeltzalearen hitzetan, EAJri min egiteko estrategia politikorako tresnatzat hartu du ezker abertzaleak Kutxa, eta horrekin, 'Kutxari berari egiten dio kalte'.
Erredakzioa
Markel Olano Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAJren bozeramaileak gogor hitz egin du Bilduren kontra, Kutxabanken etorkizunaren inguruan sortu den polemika dela eta. Buruzagi jeltzalearen hitzetan, EAJri min egiteko estrategia politikorako tresnatzat hartu du Bilduk Kutxa. Onda Vasca irrati-kateari eskainitako elkarrizketan, Olanok esan du oso larria dela ezker abertzalea gai honekin egiten ari dena, "Kutxaren beraren kontrako kanpaina sistematikoa egiten ari delako ezker abertzalea, eskura dituen tresna guztiak erabilita". "Kutxaren kontra bete betean doan eraso militar baten antzekoa da hau, eta horrek ondorio oso kaltegarria du", esan du.
EAJko batzarkideak berretsi du Kutxa fundazio bihurtuko dela, eta "Bildu kanpoan" geratuko dela, "pankartaren atzean erosoago dagoelako".
Zubietako errauskailua ere izan du hizpide Olanok. Beste behin, errauskailua geratu izanak eragin dituen "ondorio ekonomikoak" nabarmendu ditu buruzagi jeltzaleak. Erabaki horren ondorioz, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa "porrotaren atarian" dagoela esan du, "egoera oso larrian". "Azpiegitura baten eraikitze-prozesu osoa geldiarazi dute, ezerezen truke. Ordezko eraikuntzak ez dituzte martxan jartzen, eta porrot ekonomikoaz gain, logistika arazo larria daukagu aurrez aurre", gaineratu du.