Politika -

Gaixotasuna

Susperren zigorra etetea onartu du Frantziak, baina baldintzekin

Esklerosi anizkoitza du presoak. Pariseko Auzitegiak uste du gaixotasun horrek 'Susper' aske uztea justifikatzen duela; hala ere, horretarako baldintzak jarri ditu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ibon Fernandez Iradi "Susper" ETAko buruzagi ohiaren esklerosi anizkoitzak presoa aske uztea justifikatzen duela esan du ostiral honetan Pariseko Auzitegiak; hala ere, hainbat baldintza legal ezarri ditu horretarako, eta horien ondorioz zaila izango da Susper aske uztea, oraingoz.

Hala adierazi du Maritxu Paulus Basurco presoaren abokatuak. ''Auzitegiak onartu egin du bere osasun larria dela, zigorra bertan behera uzteko moduan'', azaldu du. Edonola ere, abokatuak gaineratu du auzitegiak ez duela ''arrazoibidea bukaerara arte eraman'', presoa aske uztea baimentzeko bi baldintza ezarri dituelako.

Lehen baldintza da Frantzian egonaldia egiteko debekua bertan behera geratzea. Abokatuak azaldu duenez, Susperri hiru debeku ezarri zizkioten, haren kontrako hiru zigorren ondorioz: 30 urteko bi debeku eta 15 urteko beste debeku bat.

Bigarren baldintza da Frantzian aske bizi ahal izateko bizilekua justifikatu ahal izatea, betiere e, Pirinio Atlantikoetatik kanpo.

''Ez da espero genuen epaia'', onartu du abokatuak. Susperrek 10 egun ditu orain ebazpen horren kontra helegitea jartzeko. Halaber, Frantzian egonaldia egiteko debekua bertan behera uztea ere eskatu dezake.

Hainbat hilabetez luza daiteke eskaera hori, bi kasuetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea