Politika -
Helegitea
Baliteke Jaurlaritzak Kanpo Ekintzaren Legearen aurka egitea
Jaurlaritzaren ustean, "onartezina" da Espainiako Gobernuak autonomia-erkidegoek atzerrian nahi beste bulego irekitzeko duten eskumenaren gainean ezarri nahi duen "kontrol politikoa".
Erredakzioa
Baliteke Eusko Jaurlaritzak helegitea jartzea Auzitegi Konstituzionalean Espainiako Kanpo Ekintzaren eta Zerbitzuaren martxoaren 25eko 2/2014 Legearen hainbat manuren aurka, "bateratzailea" eta "kontrolatzailea" delako. Izan ere, arlo horretako EAEren eskumenak, Gernikako Estatutuan "aitortzen direnak, nabarmen urratu nahi ditu", Jaurlaritzak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Lehenik, Eusko Jaurlaritzaren iritzian, "onartezina" eta "justifika ezina" da Espainiako Gobernuak autonomia-erkidegoek atzerrian nahi beste bulego irekitzeko duten erabakimenaren gainean ezarri nahi duen "kontrol politikoa".
Espainiako legeak, besteak beste, honakoa ezartzen du, aipatutako oharraren arabera: "autonomia-erkidegoek Kanpo Gaietarako eta Lankidetza Ministerioari nahitaez jakinarazi beharko diote atzerrian bulegoak irekitzeko asmoa, Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioek eta, hala badagokio, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak berrikusi eta azter dezaten".
Gainera, Eusko Jaurlaritzaren aburuz, "Konstituzioaren aurkakoa da Kanpo Ekintzaren eta Zerbitzuaren Legeak ezarritako aurretiazko baimen-mekanismoa". "Arauaren helburua da autonomia-erkidegoei mugak jartzea kanpo-ekintzaren garapenean, baldin eta ekintza horiek Espainiako gobernuak onartutako Kanpo-ekintzarako Estrategiaren barne ez badaude".
Errekurtsoa jarri aurretik, bere ustez eskumenen kontra egiten dituzten artikuluak sei hilabetez "Euskadiren eta Estatuaren arteko Aldebiko Batzordean" negoziatzea proposatuko du Eusko Jaurlaritzak, Konstituzio Auzitegiaren Lege Organikoaren 33.2 artikuluan xedatutako moduan.