Politika -
Iragarkiak
Eusko Jaurlaritzak dirua bidegabe erabili duen aztertuko du EH Bilduk
Noticias taldeko egunkarietan albisteak eta erreportajeak argitaratzeko diru publikoa erabili ote zuen azaltzeko eskatu dio oposizioak lehendakariari.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak diru publikoak bidegabe erabili dituen aztertuko du EH Bilduk. Gasteizko Exekutiboak albisteak argitaratzearen truke Noticias taldeari diru publikoarekin pagatu ote dion aztertuko du koalizio abertzaleak; izan ere, Jaurlaritzak publizitatea zenik ez zuen agertarazi. Horrela bada, auzia Fiskaltzara eramango du EH Bilduk, edo salaketa aurkeztuko du.
Noticias taldeko egunkarietan albisteak eta erreportajeak argitaratzeko diru publikoa erabili ote zuen azaltzeko eskatu dio oposizioak Iñigo Urkullu lehendakariari. Ustez publizitate gisa ordaindu zituen Jaurlaritzak, baina ez zuen hala justifikatu.
Orain arte Eusko Jaurlaritzako hiru sailek ordainketak egin dituztela jakitera eman dute, konkretuki Cristina Uriartek zuzendutako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, Jon Darponen Osasun Sailak eta Juan Maria Aburtoren Enplegu eta Gizarte Politikako Sailak.
Dani Maeztu eta Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkideek prentsaurrekoa eman dute gaur. Hezkuntza Sailak Grupo Noticiasi 34.330 euro pagatu dizkiola azaldu dute, Osasun Sailak 17.569 euro eta Enplegu Sailak 17.545 euro.
Diru publikoak bidegabe erabiltzea ez die zuzenean egotzi Maeztuk sailburuei, baina datu guztiak eta legedia aztertuko dituztela iragarri du. Delituak egin dituztela uste ezkero, auzia Justiziara eramango dutela agindu du.
Azkenik, "EAJren hurbilekoa" den hedabide bat "finantzatzeko alderdikeriaz" jokatzea leporatu dio Maeztuk Iñigo Urkulluren Gobernuari. Horrela, EAJk "bere komunikazio egitura ordaindu" duela salatu du legebiltzarkideak.