Politika -
Cristina infanta, auzipetuta
Hedabideek baldintzatuta jokatzea egotzi dio fiskalak Castro epaileari
Fiskaltzak dagoeneko aurkeztu du Cristina infanta auzipetzearen aurkako helegitea.
Erredakzioa
Pedro Horrach Ustelkeriaren aurkako fiskalak dagoeneko jarri du Cristina infanta auzipetzea ezartzen duen autoaren aurkako helegitea.
Jose Castro Palmako 3. zenbakiko Auzitegiko epaileak atzo bukatu zuen Noos auziko ikerketa, eta auzipetu egin zuen Felipe VI.a erregearen arreba, dirua zuritzea eta bi delitu fiskal egotzita.
Fiskalak azkar aurkeztu du helegitea, 24 orduan. "Erraza izan da argudioak prestatzea, ebazpen judizialek aspalditik adierazten zutelako auzipetzea etorriko zela", adierazi du Horrachek.
Horren esanetan, epailearen autoaren edukia "esperotakoa" izan da, eta Cristina Borboikoaren aurka "zantzurik" ez dagoela berretsi du.
Horren ildotik, Castro epaileak "asmakizunak oinarri" eta "hedabideek baldintzatuta" jokatu duela kritikatu du Ministerio Publikoaren ordezkariak.
Idatzian, Ana Maria Tejeiroren (Diego Torres Noos institutuko sortzailearen emaztea) aurkako inputazio bat erretiratu du fiskalak (delitu fiskal bat), baina eutsi egin die gainerako lauei, tartean prebarikazioa.
Horrachek gaur aurkeztutakoa apelazio errekurtsoa da eta, horrenbestez, Palmako Auzitegiaren bigarren atalak hartu beharko du horren inguruko erabakia. Epaitegi horrek bertan behera utzi zuen Cristina Borboikoaren aurreneko inputazioa, iazko apirilean.
Errekurtsoa jartzera joan denean, Castro epailea ez da bere bulegoan egon eta, hortaz, fiskalak ez du aukerarik izan epailea agurtzeko. Hala ere, Horrachek gogoratu duenez, ez da Castro epailea azken erabakia hartuko duena, Palmako Auzitegia baizik.