Politika -
12:30ean
Durkhop: 'Atzerako ispilua ondo jarri behar da bakegintza eraikitzeko'
Enrique Casas legebiltzarkide eta senatari sozialista omendu dute Eusko Legebiltzarrean.Casas Komando Autonomo Antikapitalistek hil zuten, orain 30 urte.
Erredakzioa
Legebiltzarrak Enrique Casas legebiltzarkide eta senatari sozialista omendu du gaur, plaka oroigarri bat jarrita. Casas Komando Autonomo Antikapitalistek hil zuten.
Ekitaldian Barbara Durkop Casasen alargunak eta Bakartxo Tejeriak Legebiltzarreko presidenteak hitz egin dute.
Iñigo Urkullu lehendakaria eta Legebiltzarreko ordezkari gehienek omenaldian parte hartu dute. "Nazionalista sutsuenak" eta horiek bultzatutako indarkeriak ez zutela demokraziarekin bat egin adierazi du Barbara Durkhopek. Amnistia orokorra izan bazen ere, "hiltzen" jarraitu zutela azpimarratu du. "Horiek izan ziren benetako berunaren urteak", gogoratu du. Euskal herritarrek, "denen artean", ETArekin amaitzea lortu dutela goraipatu du Enrique Casasen alargunak. Orain, bakea, bizikidetza eta adiskidetzea bilatzeko unea dela gaineratu du. Horretarako, "atzerako ispilua" modu egokian jartzea "ezinbestekoa" izango dela esan du. Botere judizialari "biktimen eta kaltegileen arteko" berdinketarik ez onartzeko eskatu dio Durkhopek. "Orain, egindako kaltea onartzeko unea iritsi da. Etorkizunari begira, bizikidetza eta adiskidetza eraikitzeko, hasiera puntua izan behar du horrek", amaitu du. Bestalde, Tejeriak adierazi du biktimei "justizia, oroimena eta konponketa" zor zaiela.
Oroigarriak
Apirilaren 8an, Legebiltzarrak Casasen eta Santiago Brouard Herri Batasuneko parlamentariaren plaka oroigarriak jartzea erabaki zuen. Brouard GALek hil zuen 1984ko azaroan eta omenaldia azaroaren 21ean egingo diote.
Legebiltzarraren egoitzan beste bi oroigarri daude: Fernando Buesarena (PSE) eta Gregorio Ordoñezena (PP), biak ETAren atentatuetan hildakoak.
Gipuzkoako zerrendaburua
Enrique Casas Gipuzkoako PSEko idazkari nagusia eta sozialisten zerrendaburua izan zen hauteskunde autonomikoetan. Komando Autonomiko Antikapitalistek hil zuten 1984ko otsailaren 23an.
Casasen hilketa demokrazian hautagai baten aurka egindako lehena izan zen, sozialista baten kontrako bigarrena.