Politika -
'Akordio zabala'
Eusko Legebiltzarrak kargu publikoen jokabidea kontrolatuko du
Euskal administrazioaren karguek jarduera adierazpen bat aurkeztu beharko dute lana utzi eta hurrengo bi urteetan.
Erredakzioa
Euskal administrazioaren karguek jarduera adierazpen bat aurkeztu beharko dute lana utzi eta hurrengo bi urteetan, eta baita lanean hasi eta aurreko bi urteetan ere. Horrela jasotzen du Eusko Legebiltzarrak onartutako kargu publikoen jokabiderako kodeak eta bateraezintasunen arauak.
Aho batez aurkeztu dute erregulazioa eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko karguei dagokioe, tartean lehendakaria, sailburuak, sailburuordeak eta zuzendariak, baita Arartekoa eta bere laguntzailea ere, eta Herri-Kontuen Euskal Epaitegiko kideak ere, besteak beste. Foru Aldundiek eta Udalek lege propioak dituzte, baina lurralde historikoen kasuan lege honetako puntu batzuk dagokie.
Hain zuzen ere, jarduera publikoa hasi baino aurreko bi urteen eta kargua utzi eta geroko bi urteetan inguruko deklarazioa aurkeztu beharko dute. Gainera, ondasunen deklarazio bat aurkeztu beharko dute, kargua hartu aurrekoa zein kargua utzi ostekoa. Halere, isilpeko izaera izango dute eta sailburuek, Eusko Legebiltzarrak eta organo judizialek izango dute soilik datu horiek eskuratzeko aukera.
Ana Otadui EAJko parlamentariak adierazi du lege horrek "hiritarrek instituzioetan eta politikan konfiantza berreskuratzeko" balioko duela eta "horren beharra" dugula aitortu du. Azken urteotan gertatu diren ustelkeria kasuak gogoratu ditu eta "politikarien sinesgarritasuna hutsa" izatea leporatu die.
Laura Mintegi EH Bilduko parlamentariak eskerrak eman nahi dizkio Idoia Mendiari "modu berezian", "gainontzeko taldeek egin nahi genituen ekarpen eta xehetasunak integratu" dituelako. Horrela, "helburu batetik sortzen diren akordioak sortzea erraza" dela adierazi du Mintegik, "ustelkeriarentzat tokirik utzi gabe".
Idoia Mendiak, bere aldetik, adostasun "zabala" lortu dutela goraipatu du "akordiorako gaitasun" erakutsiz. "Inork politikagintzan onura ekonomikorik bilatu ez dezan indarra egin dugu", esan du. "Kontrol gehiago nahi dugu, baina ezin diogu hesirik jarri politikagintzari, edozein hiritarrek parte har dezan", azaldu du.