Politika -

Kongresua

Juan Carlos Erregearen aforamendua onartu dute PPren botoekin

Kongresuaren zuzenketa baten ondorioz, abdikatu duten Errege-Erreginak, Letizia Erregina eta Asturiasko Printzesa forudun egin dituzte.

Parlamentuak Juan Carlos Borboikoari aforamendu berezia ematea onartuko du

1:02

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kongresuaren Osoko Bilkurak Juan Carlos eta Sofia Errege-Erreginak, Letizia Erregina eta Leonor Asturiasko Printzesa forudun egiteko lege erreforma onartu du, PPren eta Foro Asturias eta UPN alderdietako bi diputatuen botoekin.

Oposizioko alderdi nagusiak, PSOEk, abstentzioa eman du, CiU eta Coalicion Canariarekin batera. Izquierda Plural, UPyD, EAJ eta Talde Mistoko hainbat alderdi –Amaiur, ERC, BNG, Compromis, Nueva Canarias eta Geroa Bai– aurka agertu dira.

PP alderdiak Botere Judizialaren Lege Organikoa partzialki berritzeko aukera baliatu zuen pasatu den astean. Sektore publikorako neurriak hartzea helburu zuen arren, –kontu pertsonaletarako egunak erregulatu, hautaketa probak eta Justizia arloko langileak berritu–, bi zuzenketa sartuz Juan Carlos forudun egitea lortu du Alderdi Popularrak.

Zuzenketetako batek adierazten duenez, bide zibilean nahiz zigorraren bidean forudunak izango dira abdikatu duten Erregeak (kasu honetan, Juan Carlos), haien ezkontideak (Sofia Erregina), Erregearen ezkontideak (Letizia Erregina) eta Asturiasko Printze-Printzesak (momentuz, Leonor).

Aipatutako Errege Etxeko kideak forudunak izango dira, beraz, Gobernuko kideak eta diputatu eta senatariak bezala. Horien babesa 1978ko Konstituzioan zehazten da, baina arlo zibilari begira, karguak irauten duen denboran soilik izan daitezke aforatuak.

Gainera, bigarren zuzenketa batean xedapen iragankor bat txertatu dute. Horren arabera, auzitegi bat forudun berrien aurkako auziren bat ikertzen ari bada, legea indarrean sartzean, bertan behera gelditu eta Auzitegi Gorenera bidali beharko dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Juan Carlos Ia berriak