Politika -

Iragarpena

UPyDk Jaurlaritza salatuko du Grupo Noticiasen agertutako edukiengatik

Grupo Noticias taldean agertutako edukiak "babestutako artikuluak" zirela erantzun du Josu Erkoreka Justizia sailburuak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

UPyDk epaitegira eramango du Eusko Jaurlaritzak Grupo Noticiaseko hedabideetan sartutako “informazio ordainduen” auzia. Guztira 86.000 euro ordaindu dizkio Urkulluren Gobernuak aipatu taldeari, zenbait artikuluengatik. Josu Erkoreka Justizia sailburuak erantzun du legezko “babestutako edukiak” zirela.

UpyDren legebiltzarkide bakarrak Legebiltzarreko kontrol saioan iragarri du Jaurlaritza epaitegira eramateko asmoa. EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk ere gai horren inguruko galderak egin dituzte gaurko saioan. Talde horien araberan, Jaurlaritzak Publizitate eta Komunikazio Legea urratu du, artikulu horiek publizitate moduan ez bereizteagatik.

PSE-EEk ez du baztertu auzia epaitegira eramatea, baina aurretik gainerako taldeekin bilerak egingo dituela zehaztu du. Jaurlaritza “gezurretan” aritu dela eta, horrenbestez, taldeekin ekimenak adostu nahi dituztela esan dute sozialistek.

Orain arte, hiru ziren Jaurlaritzak ordaindutako artikuluak: Hezkuntza eta Kultura, Osasun eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailek ordainduta. Izan ere, Grupo Noticias Taldeari 34.330 euro ordaindu zizkioten Hezkuntza sailetik, 14.569 euro Osasun Sailetik eta, azkenik, beste 14.545 euro Enplegutik. Testu horiek albiste, erreportaje edo elkarrizketa formatuan aurkeztu ziren, eta egunkarian ez zuten zehaztu publizitatea zenik.

Baina Maneirok beste bi kasu eman ditu argitara: Lehendakaritzak eta Kultura Sailak Onda Vascari ordaindutako bi elkarrizketa, izan ere. Bakoitzaren truke 11.000 euro ordaindu zituen Jaurlaritzak.

“Lagun talde bat finantziatu izana” egotzi dio Maneirok Urkulluren Gobernuari, eta diru publikoa bidegabe erabili izana, prebarikazioa edota legez kanpoko finantziazioa egin izana egotzi dio.

EH Bilduk eta PSE-EEk ere kritika gogorrak egin dizkiote Jaurlaritzari, baina ez dute ekimen judizialik iragarri.

Erkoreka: 'Legeari jarraituta jokatu dugu'

Artikulu horiek publizitate kanpainak izatea ukatu du Erkorekak, eta “babestutako edukia” zela zehaztu du. Eduki mota horren aurkezpena hedabideak berak erabaki behar duela, eta ez Gobernuak, gaineratu du.

Horrez gain, gainerako hedabideetan ere mota horretako edukiak jarri dituztela nabarmendu du: Aurrenekoa Vocento Taldean, ondoren Grupo Noticiasen, Gara-n, El Pais-en, Berria-n eta El Mundo-n.

Horrela, 2013an, Vocentok inbertsioaren % 17 eraman zuen, Noticiasek % 7,7, Gara-k % 2, El Pais-ek % 1,6, Berria-k % 1,3 eta El Mundo-k % 1. Erkorekak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak komunikabideetan 10,6 milioi euroko inbertsioa egin zuen 2011n, 8,6 milioikoa 2012an eta 4,8koa 2013an.

“Legeari jarraituta” aritu direla eta banaketa “irizpide objektiboak jarraituz” egin dutela defendatu du Erkorekak. Hortaz, legea urratu dutenik ukatu du sailburuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea