Politika -
Erantzuna
Iglesias ETAri buruz esandakoaz damutuko dela uste du Madinak
"Gure historian, gure tragedian, badira errespetua merezi duten esparruak, eta horiei buruz hitz egiteko zertaz ari garen jakin behar dugu", esan du PSOEko liderra izateko hautagaiak.
Erredakzioa
Eduardo Madina PSOEko idazkari nagusi izateko hautagaia ziur da Pablo Iglesias Ahal Dugu alderdiko liderra ETAri buruz esandakoaz damutuko dela. Madinak azpimarratu duenez, gai batzuei buruz hitz egin aurretik "zer esaten ari garen ondo jakin behar da".
"Ziur naiz, % 99an edo % 100ean Ahal Dugu alderdiari botoa eman dion jendeak ez diola horrelakoak esateko babesik eman, ez dagoela esandakoekin ados. Gure historian, gure tragedian, badira errespetua merezi duten esparruak, eta horiei buruz hitz egiteko ondo jakin behar dugu zertaz ari garen", esan du Madinak Antena 3 telebista katean egindako elkarrizketan.
Madina ETAko atentatu baten biktima da, eta Iglesiasen hitzek "Euskadin azken urteetan gertatutakoaren inguruko ezjakintasuna" adierazten dutela uste du. PSOEko hautagaiaren ustez, gai batzuetan "ñabardurak menderatzen dituzunean eta zertaz ari zaren ondo dakizunean" bakarrik sartu behar da.
Pablo Iglesiasek ETAri buruz esandakoez galdetu diotenean egin ditu adierazpenok sozialisten diputatu bizkaitarrak. Iglesiasek terrorismoa deitoratu zuen, baina ETAren ekintzek azalpen politikoa zutela adierazi zuen. Astelehen honetan, gainera, El Mundo egunkariak Iglesiasen eta Herrira presoen aldeko erakundearen arteko loturak zabaldu ditu.
Madinak ez du esan El Mundok kaleratutako informazio horrek Ahal Dugu alderdiak hauteskundeetan lortutako babesari kalte egin diezaiokeen. Ahal Dugu alderdiaren inguruko aditua ez dela eta haien doktrina ezagutzen ez duela azpimarratu du Madinak.