Politika -

Europako Parlamentu berria

Schulzek eurodiputatuen babesa eskatu du, Ganberako presidente izateko

Guztira lau hautagaitza aurkeztu dira, tartean Pablo Iglesiasena, baina popularrek, sozialistek eta liberalek akordioa lortu dute eta Martin Schulz izango da Ganberako presidentea berriro.

Europako Parlamentua. Artxiboko argazkia
Europako Parlamentua.
Europako Parlamentua. Artxiboko argazkia

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Parlamentua berria osatzeko bilkura egiten ari dira 10:00etatik. Martin Schulz sozialista alemaniarra aukeratuko dute berriro presidente, maiatzaren 25eko hauteskundeak PPk irabazita, Europako Batzordeko presidente izateko aukerak bertan behera geratu ostean.

Schulzen izendatzea bermatuta dago, popularrak, sozialistak eta liberala akordio batera heldu direlako, "Europaren aldeko" gehiengoa osatzeko eta euroeszeptikoen gorakada "gelditzeko" asmoz.

Trukean, Jean-Claude Juncker Luxenburgoko lehen ministroak Europako Batzordeko presidente izateko aurkeztutako hautagaitza babestuko dute sozialistek eta liberalek.

Hiru taldeen artean 479 eserleku dituzte, Parlamentuaren % 64, hain zuzen ere. Juncker Europako Batzordeko presidente izendatzeko bilkura uztailaren 16an izango da.

Beste hautagaitzak

Martin Schulzenaz gain, Europako Parlamentuko presidente izateko beste hiru hautagaitza aurkeztu dira: Pablo Iglesias Podemoseko buruzagiarena, Europako Ezkerraren izenean; Sajjad Karim britainiarrarena, Kontserbadoreen eta Europako Erreformisten izenean; eta Ulrike Lunachek austriarrarena, Berdeen izenean.

Bozketa egin aurretik beste hautagai gehiago aurkezteko beta izango da, talderen baten edo 40 parlamentariren babesa baldin badute.

Hautagai guztiek bost minutuko tartea izango dute adierazpen instituzionala egiteko, bozketa gauzatu baino lehen.

Ganberan egin duen agerraldian, Schulzek eurodiputatuen konfiantza eskatu du berriro Europako Parlamentuko presidente izateko.

Parlamentua "eztabaida publikoaren erdigunea" bilakatu behar dela eta berak horretarako lan egingo duela agindu du.

Hauteskundeetako emaitzak ere izan ditu hizpide, eta gogora ekarri du "inork" ez duela gehiengo absoluturik eskuratu, eta, beraz, ezinbestekotzat jo du alderdiak "elkarlanean" aritzea eta “akordioetara heltzeko” prestutasuna izatea.

Presidentea aukeratu ostean, Parlamentuko 14 presidenteordeak eta 5 kuestoreak izendatzeko bozketa egingo dute.

Ganberaren osaketarako prozesuak uztailaren 7ko astean jarraituko du, Parlamentuko batzordeak eratuta.

Talde parlamentarioak

Europaren kontrako indarrek nahiz alderdi ultraeskuindarrek gorakada nabarmena izan zuten joan den hauteskundeetan, baina aipatzekoa da Marine Le Penek zuzentzen duen Fronte Nazionalak ez duela lortu babes nahikorik talde propioa izateko Parlamentuan.

Horrenbestez, Fronte Nazionalak diru-laguntza gutxiago izango ditu eta batzordeetan denbora-tarte txikiagoa izango du hitzegiteko.

Beraz, azkenean zazpi talde politiko izango dira Europako Parlamentuan.

ALDE taldean, adibidez, polemikaz hasiko dute legegintzaldi berria; izan ere, UPyD eta Ciudadanos alderdiak bertan izango dira, EAJk eta Konbergentziak sarrera horren kontra bozkatu arren.

EH Bildu, Podemos eta Izquierda Unida Europako Ezker Batuaren taldean izango dira; eta Compromis, Iniciativa eta Esquerra, berriz, Berdeak/Europako Aliantza Librea taldean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea