Politika -
Salaketa
EH Bildu: 'Diru publikoa bere ingurua aberasteko erabiltzen du EAJk'
Kutxabank, Abiadura Handiko Trena eta Epsilon-Hiriko proiektuetan jeltzaleek bultzatu duten eredua jarri du adibidetzat EH Bilduk.
Erredakzioa
Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko legebiltzarkideak EAJren kudeaketa eredua kritikatu du, diru publikoa "gutxi batzuen mesederako" erabiltzen duelako. Kutxabank, Abiadura Handiko Trena eta Epsilon-Hiriko proiektuetan jeltzaleek bultzatu duten eredua jarri du adibidetzat EH Bilduk.
Donostian eskaini duen prentsaurrekoan, Beitialarrangoitiak salatu du "interes pribatuen zerbitzura" dagoela EAJren kudeaketa publikoa. "Bere inguruko enpresak eta erakundeak aberasteko erabiltzen dute diru publikoa", esan du.
EH Bilduren iritzian, EAJk eztabaida publikoa saihesten du, eta "gezurrak, hitz potoloak eta deskalifikazioak" erabiltzen ditu bere jarduerak "estaltzeko". Kutxabanken kasua jarri du horren adibidetzat.
Azken egunotan hautsak harrotu dituen beste kasua ere jarri du mahai gainean Beitialarrangoitiak: Epsilon-Hiriko. Diru publikoa zurrupatzeko eta interes pribatuen eskuetan jartzeko egitura bat izan dela esan du, eta gertatu denaren "larritasuna" ikusita, ardura politikoak eskatu ditu.
Bestalde, Abiadura Handiko Trenaren proiektuan EAJren kudeaketa onartezintzat jo du EH Bilduk. "Hondamendi ekonomikora garamatza tren honek", esan du, baliabide publiko guztiak "xurgatzen" ari delako. Hori guztia dela eta, EAJren kudeaketa eredua "gelditzeko eta aldatzeko" beharra azpimarratu du.
Kutxa
Kutxaren inguruan akordiorako aukerarik dagoen galdetuta, Beitialarrangoitiak azpimarratu du EH Bilduk borondatea baduela eta hitz egiteko prest dagoela. Ezker abertzaleak bere proposamena egin duela eta Kutxaren pribatizazioa gelditzeko ahaleginak egingo dituztela gaineratu du. "Akordioak egon daitezen, borondatea bi aldeetatik egon behar da. Ez diogu aterik ixten akordio posible bati. Hitz egiteko prest gaude", esan du.