Politika -
Omenaldia
Ermuko Udalak Miguel Angel Blanco omendu du
Carlos Totorika alkateak adierazi du "neurri handi batean, askatasun eskaera hari esker" bizi dela egun "ETArik gabeko Euskadi bat".
Erredakzioa
Ermuko Udalak duela 17 urte ETAk hildako Miguel Angel Blanco zinegotzia omendu du gaur, udaletxe aurrean dagoen bere izeneko monumentuaren aurrean lore eskaintza eginda. "Haren bizitzaren aldeko herri mobilizazioa" ere gogorarazi nahi izan dute ekitaldian.
Herri gobernuko kideak eta Udaleko zinegotziak omenaldian izan dira, EH Bildukoak izan ezik. EAJko ordezkariak ere ez dira ekitaldian izan, arrazoi pertsonalak argudiatuta. Eusko Jaurlaritzako Biktimen Arretarako zuzendaria, Anton Damborenea Bizkaiko PPko presidentea eta Carlos Garcia Elorrioko PPko zinegotzia ere bertan izan dira.
Ekitaldia amaitzean, Carlos Totorika alkate sozialistak EH Bilduko ordezkariak agertu ez izana gaitzetsi du, eta, haren ustez, "neurri handi batean, askatasun eskaera hari esker" bizi da egun "ETArik gabeko Euskadi bat".
Miguel Angel Blanco hil zutenean ere Ermuko alkate zen Totorika, eta herriak "lagun bat, kide bat" oroitu nahi izan duela esan du.
Zinegotzi gaztea hil zutenean, "haren bizitzaren alde borroka egin zuen herri mobilizazioa" Udalak gogoan izan nahi duela aipatu du alkateak. Totorikaren aburuz, hilketa ekidin izan ez zen arren, mobilizatu zirenek "euskal herritar guztien eskubideen eta askatasunen alde" egin zuten borroka.
"Kontuan hartu behar da emaitzak oso garrantzitsuak izan direla. Gaur ETArik gabeko Euskadi batean bizi gara, eta neurri handi batean, Miguel Angelen askatasunaren alde egin zuen herri mobilizazioari esker izan zen. Pentsatzeko, iritzia emateko, alderdi politiko batekoa izateko, jatorria eta aberria nahi bezala sentitzeko askatasunaren alde egin zuen borroka", adierazi du Totorikak.
Gainera, "ETAren munduak saldu nahi zuen derrigorrezko nazionalismoa" hautsi zen, alkatearen ustez. "Fanatismo ideologikoaren bitartez, gizarte homogeneo eta monolitiko bat inposatu nahi zuten".
Horregatik, Miguel Angel Blancoren heriotzaren urteurrena "itxaropenaren eta onarpenaren eguna" dela esan du. "Mobilizazioa beharrezkoa izan zela erakusten du".
EH Bilduko ordezkariak "faltan bota" dituela adierazi du alkateak. "Orain arte ezin izan dugu jakin Bilduk ETAren historia kondenatzen ote duen, eta lehenbailehen ikusi nahi dugun zerbait da".