Politika -
Aldaketa PSE-n
Torresek, Arriolak eta Gonzalezek hautagaitzak aurkeztu dituzte
Sozialistek "burua altxatuko" dutela esan du Mikel Torres Bizkaiko idazkari nagusia izateko hautagaiak.
Erredakzioa
Mikel Torres (Portugaleteko alkatea) Bizkaiko PSE-EEren idazkari nagusia izateko hautagaiaren hitzetan, sozialista bizkaitarrek "burua altxatuko dute, eta Bizkaiko ezkerraren erreferentzia izango dira berriro".
Torresek hautagaitza ofizialki aurkeztu du gaur. Pausoa emateko garaian militante sozialista bizkaitar guztien babesa eskertu du Torresek. "Borondate kolektiboa da, militantziak nahi duen aldaketa ordezka dezakedala uste dutelako", esan du. "Bizkaiko gizarteak alderdi sozialista sendo bat behar du, ezkerreko erreferentzia bat", erantsi du.
Torresen ahotan, "kalearekin konektatu behar dugu erantzun berriak eskatzen dizkigulako, galdera berriak daudelako; ireki, aldatu, moldatu eta birziklatu behar dugu behartsuenen tresna eraginkorrena izateko".
Iñaki Arriola Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusia. Argazkia: EFE
Arriola, Gipuzkoan
Era berean, Iñaki Arriola Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusiak hautagaitza aurkeztu du gaur, Gipuzkoako sozialisten buruzagia berriro izateko.
Hala ere, Gipuzkoako ahaldun nagusia izateko alderdiaren hautagaia berriz izango ote den ez du argitu. "Ez dut erabakita, eta banatzea gustatzen zaion pertsona bat naiz", esan du.
Bestalde, Odon Elorza alderdikideak barne-hauteskundeetara aurkezteko borondatea duen ez dakiela adierazi du Arriolak. Donostiako alkatea izateko hautagaitza aurkezteko aukeraz mintzatu da. "Bakoitzak bere epeak ditu", gaineratu du Arriolak.
Cristina Gonzalez hautagaitzaren aurkezpenean. Argazkia: EFE
Gonzalez, Araban
Era berean, Cristina Gonzalezek agerraldia egin du gaur Arabako PSE-EEren idazkari nagusia izateko hautagaitza aurkezteko. 20 bat alderdikideren babesa izan du hautagaiak. Besteak beste, Gloria Sanchez eta Mikel Unzalu legebiltzarkideak izan dira bertan.
"Alderdiak behar duen aldaketa egiten" lagundu nahi duela azaldu du Gonzalezek. "Batasuna" eta herritarren konfiantza berreskuratzeko lanean lagundu nahi duela gaineratu du.
Arabako sozialisten "adiskidetzea etorkizunera begira" bultzatuko du sektore "ofizialeko" hautagaiak. Alderdiaren batasuna lortzeko "kongresuetako emaitzak eta zuzendaritza organoen erabakiak errespetatu" behar direla ohartarazi du.