Politika -
Topaketa EAko militanteekin
'Hutsegitea da Urkulluk Masi Estatuaren egituran sartzea proposatzea'
Pello Urizar EAren idazkari nagusi eta EH Bilduko legebiltzarkidearen ustean, "Estatuaren egituran sartzeko proposamenak egitea" hutsegite handia da.
Erredakzioa
Pello Urizar EH Bilduko legebiltzarkide eta EAren idazkari nagusiak tamalgarritzat jo du Eusko Jaurlaritzak emandako erantzunak "argiak" ez izatea, euskal gizarteak "bere etorkizuna erabakitzeko eskubidean aurrerapausoak" emateko eta Estatuak "dena blokeatzeko" agertutako interesaren ostean.
Halaber, Iñigo Urkulluk Artur Masi "Estatu espainiarraren egituran sartzeko egindako proposamenak" egiteko "ausardia" izatea kritikatu eta "hanka-sartze larria" dela esan du.
Eusko Alkartasuneko militanteekin Bakion (Bizkaia) egindako topaketa baten ondoren Urizarrek adierazi duenez, bukatzear dagoen urte politikoak agerian utzi du "euskal gizartea, zalantzarik gabe, etorkizuna erabakitzeko atea gero eta gehiago zabaltzen ari dela, eta bide armatua eta indarkeria argudio ziren garaiko atea ixten ari dela, eta orain dena bide demokratikoetan oinarrituta dagoela. Eta, sustraian, euskal gizartearen borondatea bera egon behar da".
Era berean, tamalgarritzat jo du "Espainiako Gobernuak, Estatuaren aparatuek, ahal duten guztia egitea, eszenatoki berrirako pausoa ez ematearren", bere ustean, herriko tabernen auziak argi utzi duenez.
Horrela, "hanka-sartze larritzat" jo du lehendakariak Artur Masi "Estatu espainiarrean lekua izatea bilatzeko proposamenak" egitea. "Kataluniarrengandik zerbait ikasteko badugu, eurek muga dagoeneko markatu dutela da, alegia, herritarren borondatea. Oinarri horretatik abiatuta, gure bidea egin behar dugu, baina abiapuntu on bat da", zehaztu du.