Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Egibar: 'PPren aitona politikoek EAJren ondasunak atzeman zituzten'
PPk EAJren egoitzen finantziazioa zalantzan jarri eta gero, akusazioak "faltsuak eta bidegabeak" direla erantzun dun jeltzaleen bozeramaileak.
Erredakzioa
Joseba Egibar EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak "faltsu"tzat eta "bidegabe"tzat jo ditu PPk egoitza jeltzaleen finantziazioaren aurrean agertutako "susmoak", eta EAJ "errespetatzen" ez badute, harremana hautsiko dutela ohartarazi du.
"Boulevard" Radio Euskadiko saioan eskainitako elkarrizketa batean, buruzagi jeltzaleak hizpide hartu atzo Iñaki Oyarzabal PPko legebiltzarkideak egindako adierazpenak. Hain zuzen ere, 200 batzokiak finantzatzeko beharrezkoak diren "ehunka milioi euroak" non lortzen dituen galdegin zion parlamentari popularrak alderdi jeltzaleari. Gainera, Jordi Pujolen antzeko kasuak Euskadin ere egon litezkeela esan zuen Nerea Llanos EAEko PPko idazkari nagusiak.
Hori horrela, PPko ordezkariak "onetik atera" direla eta jarrera hori "ulertezina" dela salatu du Egibarrek. "Susmoak faltsuak, bidegabeak eta politikoki lotsagarriak dira", gaineratu du.
Horren esanetan, PPk EAJ errespetatzen ez badu, harremanak haustea "ondorio logikoa" izango da. "Errespeturik ez baduzu, ez duzu harremanik izango", esan dio PPri.
Buruzagi jeltzaleak, gainera, kritiken egilea PP izatea deitoratu du: "Horien aitona politikoek EAJren ondasunak atzeman zituzten gerraren ostean".