Politika -
Aralarren idazkari nagusia
Zabaleta ez da Nafarroako Parlamenturako hautagaia berriro izango
Radio Euskadik aurreratu duenez, Aralarren idazkari nagusiak esan du ez duela politika utziko. EH Bilduk ez du oraindik erabaki nor izango den Foru Parlamenturako zerrendaren burua.
Erredakzioa
Patxi Zabaleta Aralarren idazkari nagusia ez da Nafarroako Parlamenturako hautagaia berriro izango, nahiz eta politika "hil arte" ez duen utziko. Gainera, nabarmendu du EH Bilduk ez duela oraindik erabaki nor izango den Foru Parlamenturako zerrendaren burua, eta, hortaz, ez dagoela erabakita Adolfo Araiz izatea. Radio Euskadik aurreratu du, asteazken honetan, albistea.
Europa Press agentziari egindako adierazpenetan, Zabaletak baieztatu du ez dela egongo EH Bilduk 2015ean Nafarroako Parlamenturako aurkeztuko duen zerrendan: "Garaia da. 12 urte daramatzat, eta zenbait aldiz izan naiz Nafarroako Gobernurako presidentea izateko hautagaia. Eserlekua libre uztea beharrezkoa da", esan du.
Hurrengo zerrenda-burua, erabakitzeke
Dena dela, Zabaletak esan du bizitza politikoan "hil arte" egongo dela. "Politika bizitzarekin lotuta dago", azpimarratu du. Berak argitu duenez, EH Bilduk ez du erabaki Araiz izango den hurrengo zerrenda-burua: "Hori EH Bildu osatzen duten indarrek erabaki beharko dute".